SMB Wonder-ek eguneraketa jasoko du Switch 2an, eduki berriekin. The Super Mario Galaxy The Movie izango da Nintendokoen hurrengo filma.

Nintendo japoniarrak Direct aurkezpena eskaini du, eta, hasiera emateko, Mario iturginaren 40. urteurrena ospatuz hasi da. Aurkeztutakoen artean, Super Mario Galaxy bilduma, Mario Tennis Fever edo Yoshi and the Mysterious Book aurkitzen dira.

Iragarpen handia, zalantzarik gabe, Nintendo Wii kontsolan argitaratutako bi Super Mario Galaxyen itzulera da. Urriaren 2an estreinatuko da plataforma joko maitatuen bilduma Switch originalean zein gailu berrian; dena den, bakarka erosteko aukera ere egongo dela adierazi dute arduradunek, digitalki bada ere. Eskertzekoa, lehen Galaxy jokoa orain bost urte aldi baterako argitaratutako Super Mario 3D All-Stars bilduman egon baitzen.

Itxura batean, jokoek ohiko hobekuntza grafikoak jasoko dituzte; bestela, ez da aldaketa handirik egongo aukeretan edo jokagarritasunean. Behintzat, ez da aldi baterako bilduma esklusiboa izango.

Mario Tennis Fever izan da iturginaren bigarren iragarpena. Otsailaren 12an estreinatuko da kirol jokoen atal berria Switch 2 kontsolan, 38 tenis jokalari bilduta. Bestela, ohiko partida zoroak proposatuko ditu, erraketa desberdinekin mugimendu berezi ikaragarriak erabiltzeko aukerarekin.

Berritasunik nabarmenena jokalari bakarrarentzako moduaren itzulera da: Mario eta lagunak haurtxo bilakatu ondoren, erraketa eskuan hartuta gune desberdinak esploratzen eta erronka berezietan parte hartzen ariko gara.

Yoshi and the Mysterious Bookekin dinosauro berdearekin jokatu ahalko dugu berriro. 2026ko udaberrian argitaratuko da, Switch 2 kontsolako esklusiboa izanik.

Beti bezala, estetika berezi bezain ederrarekin, bi dimentsioko plataforma abentura biziko du Yoshik. Oraingoan entziklopedia baten orrialdeetan barneratuko gara: maila bakoitzean aurkitzen ditugun izakiak harrapatzeko eta gurekin batera bidaiatzeko aukera edukiko dugu, pixkanaka-pixkanaka euren ezaugarriak eta berezitasunak ezagutzeko. Horrela, Yoshiren unibertsoko lore etsai mitikoa gainean hartuta, zelarretako loreak lora ditzakegu. Txikori belarrek, kontrara, objektuen nutrienteak xurgatuko dituzte, zimelduz, eta apurtzeko aukera eskainita.

Switch originaleko bideojokoak kontsola berrian hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dute N handikoek. Super Mario Bros. Wonder izango da Nintendo Switch 2 bertsioa jasoko duen hurrengoa, Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park izenpean: eduki berri ugari gaineratuko dizkio plataforma abenturari, baina aurkezpenean Meetup in Bellabel Park espantsioan ardaztu dira.

Multijokalarira bideratutako eduki gehigarria dugu: erronka eta minijoko desberdinak proposatuko ditu hainbat jokalari elkartzeko. Lasterketak, erritmo jokoak, txanpon bilketak eta gehiago ikusiko ditugu: Batzuetan, desafio kooperatiboak izango dira, besteetan, elkarren aurka jarriko ditu jokalariak. Iragarri gabeko edukien artean pertsonaia zein maila berriak eta gehiago aurreratu dituzte.

Datorren udaberrian estreinatuko da Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park Switch 2 kontsolan.

 

Film berria, Galaxyrena

The Super Mario Bros. Movie animazio film arrakastatsuaren ondoren, bagenekien jarraipena prestatzen zebiltzala, eta izenburua ofizialki iragarri dute Illumination animazio estudioarekin batera: The Super Mario Galaxy Movie da iturginaren unibertsoko bigarren filme handia.

Ezusteko hutsa, lehen filmearen bukaeran Yoshiren arrautza erakutsita World azpitituluarekin joko zutela uste baikenuen askok. Hala ere, Rosalina-ren zeruko abenturekin jarraituko dutela dirudi —hori dela eta ikusiko ditugu berriz bi Galaxy jokoak Switchetan—.

2026ko apirilean estreinatuko da The Super Mario Galaxy Movie zinemetan.