Birmasterizazioez gain Super Mario 3D World + Bowser’s Fury, Mario Kart Live: Home Circuit eta beste hainbat joko iragarri dituzte ezusteko Direct batean.
Orain hilabete batzuk zurrumurruek aurreratu zuten, eta bete egin da. Nintendo bere maskotaren 35. urteurrena ospatzeko ekimena abian jarri du ezustean emandako Direct baten bidez. Super Marioren hainbat bideojoko kaleratuko dituztela iragarri du N Handiak.
Urteurrenaren baitan kaleratuko duten jokorik nabarmenena iturginaren abentura tridimentsional esanguratsuenetako batzuk batuko dituen bilduma izango da. Super Mario 3D All-Starsek Super Mario 64, Super Mario Sunshine eta Super Mario Galaxy bilduko ditu Nintendo Switcherako.
Jatorrizko bideojokoen birmasterizazioak izango direla azaldu dute Directean. Atal grafikoaren aldetik hainbat hobekuntza ekarriko dituzte: bereizmen handiagoa edukiko dute N64, Gamecube eta Wiiko jokoek, eta 16:9ko pantailentzako euskarria izango du, esaterako Sunshinek. Nola ez, Joy-Conentzako euskarria izango dute.
Bildumak gehigarri bereziak ere edukiko ditu: Hiru lanen soinu bandak entzungai egongo dira jokoaren menuetan.
Argitaratze data ere iragarri dute, eta uste baino lehenago kaleratuko dute. Super Mario 3D All-Stars irailaren 18an eskuratu ahalko da Switcherako. Hala ere bilduma epe mugatu baterako egongo da salgai: datorren urteko martxora arte eskuratu ahalko da soilik. Nintendok ez du erabaki honen zergatia azaldu oraindik.
Jatorriz SNESerako argitaratutako lehenengo All-Stars ere iritsi da kontsola hibridora. Gaurtik aurrera Super Mario Bros. 1, 2, 3 eta Lost Levelsen remakeetara jokatu ahalko da. Nintendo Switch Online zerbitzuaren baitan kaleratu dute klasikoen bilduma.
Bideojoko klasikoak Switchera ekartzearekin batera Wii Urako Marioren jokorik handiena ere porteatuko dute azken kontsolara. Super Mario 3D World bikaina berritasunekin helduko da Switchera: Bowser’s Fury deitutako espantsioa gehituko du port honek.
Datorren urtean ikusiko dugu berriz 3D World: otsailaren 12an kaleratuko du Nintendok.
Mario Kartek ere bere txokoa izan du aurkezpen digitalean. Mario Kart Live: Home Circuit errealitate areagotuko bideojokoa izango da. Jokatzeko kamara integratuta edukiko duen jostailuzko kart bat erabiliko da: berarekin jokatuko da, etxean edo nahi dugun tokian zirkuituak eraturik.
Mario eta Luigiren kartak eskuratu ahalko dira. Lau jokalarik batera lehiatu ahalko dute tokiko jokalari anitzentzako joko motarekin. Lasterketa joko xelebre hau urriaren 16an ikusiko dugu Switchean.
Battle royalen mundua ofizialki zapalduko du Mariok. Super Mario Bros. 35en beste jokalariei arerioak bidaliko dizkiegu, guk geuk bizirik iraun eta puntuak eskuratzen ditugun bitartean.
Epe mugatu batean jokatu ahalko den bideojoko digitala izango da: urriaren 1etik hasita martxoaren 31ra bitartean jokatu ahalko da Nintendo Switch Online zerbitzuaren baitan.
Kontsola berezia ere ikusiko dugu urteurreneko produktuen artean. Game & Watch: Super Mario Bros kontsola eramangarrian Super Mario Bros. eta Lost Levels klasikoetara jokatu ahalko da. Ez da G&W berezi honek ekarriko duen eduki bakarra izango: hainbat ezusteko eta gehigarri izango ditu. Azaroaren 13an merkaturako dute.
Bideojokoez gain Mariorekin harremana duten askotariko ekimen eta elkarlan bereziak egingo direla agindu dute Nintendokoek. Urteurrena modu apartean ospatzeko Super Mario Kart Tour, Animal Crossing, Super Smash Bros. Ultimate eta Splatoon jokoen baitan lehiaketa bereziak antolatuko dituzte. Gainera, merchandising berezia ere kaleratuko dute.
Nintendo Direct osoa ikusi nahi baduzu, hemen duzu Marioren iragarpen guztiak batzen dituen aurkezpena.
Iruzkinak