Berritasunak probatzeko bertsioa argitaratu dute egileek. Windows nahiz GNU/Linux bertsioak ditu klasikoaren birmasterizatutako port natiboak.
Super Mario Bros. Remastered hobetzen eta lantzen jarraitzen du bideojokozaleen komunitateak. 1.1 adabakia iragarri du JoeMama sortzaileak gidatutako taldeak: berritasunen artean, mailen editore aurreratua edo etsai zein indartzaile berriak gaineratuko ditu.
Editorearekin Super Mario Maker joko ofizialekin egindako antzeko bidea jarraitzen dabiltza. Lauki sarearen bitartez elementuak kokatzen ariko gara SMB originalaren maila berriak sortu, edo zaharrak berregiteko. Zirriborroak erabilita, dagoeneko sortutako gune edo ideia zehatzak gorde ditzakegu beste edonon erabiltzeko.
Gida sakona aurkituko dugu bideojoko barruan. Beharrezkoa izango da, garatzaileak ideia konplexuak gehitzen hasi baitira: izotz blokeak, kartel eraldagarriak, kamera konplexuagoak, markatutako bidea jarraituko duten suge blokeak edo fisikak dituzten kaxak ikusiko ditugu orain.
Askotariko mekanikak ahalbidetzeko etengailuak —gizmo deitzen diete— sortu dituzte, baita. Super Mario Makerretan ikus ditzakegunen antzekoak dira: adibidez, arerio bat akabatzerakoan giltza desblokeatzea, eremu batetik igarotzerakoan plataformak edo elementuak aktibatzea, edo, laburbilduz, baldintza zehatz bat betetzerakoan zerbait funtzionarazteko balioko duten gailuak dira.
Etsaiak eta bestelakoak inplementatzen ere ibili dira: Bowser Jr. buruzagia, SMB3ko haserretutako eguzkia edo Spike Top txikia ariko dira orain Mario originalean. Hauek garaitzeko indartzaile berria eskuratuko dute protagonistek, baina: Super Mario Land-eko superball lorea.
Zuzenketekin batera hobekuntzak eta aldaketa txikiak landu dituztela aipatzen da, bukatzeko: joko originaleko fisikekin jokatzea hauta dezakegu, esaterako, edo, maila pertsonalizatuen kasuan, kanpaina zein joko osoak osatzeko aukera dago orain.
Super Mario Bros. Remastered joan den irailean argitaratutako proiektua da. Hobekuntza grafikoak zein pertsonaia eta maila berriak, SMB Deluxe-ko eduki esklusiboak nahiz itxura aldatzeko mod euskarria elkartzen dituen port natiboa da. Windows eta GNU/Linux sistema eragileetarako bertsioak prestatu dituzte arduradunek.
1.1 adabakia ez da ofizialki kaleratu, baina proba bertsioa lor daiteke jadanik: proiektuaren Github webgunean aurkituko dugu. Joko originalaren ROM fitxategia beharrezkoa izango da SMB Remastered funtzionarazteko.
Lander Unzueta
Iruzkinak