Pertsonaia eta maila berriak, SMB Deluxe-ko eduki esklusiboak eta itxura aldatzeko mod euskarria bilduko ditu PCan, hobekuntza grafikoekin batera.
1985. urteko jatorrizko Super Mario Bros. abenturak birmasterizazioa iragarri du, baina ez da Nintendo-ren eskutik iritsiko. Etzi estreinatuko den Super Mario Bros. Remastered zaleek sortutakoa da.
JoeMama sortzailearen proiektu berria da: Super Mario World maitatuaren birmasterizazioan lan egin ondoren, iturginaren lehen jokoarekin antzekoa egin du. Hori horrela, hobekuntza zein eduki mordoa dakartzan kode irekiko sorkuntza da SMB Remastered.
Aldaketa grafikoak dira nabariko ditugun lehenak: Super Mario Maker-etan ikusitako estiloa mantenduz, pantaila zabalentzako euskarria zein kalitate handiko sprite-ak eta efektuak gehitu zaizkio plataforma joko klasikoari.
Jatorrizko abenturaren itxura errespetatzen badu ere, hau eraldatzeko bideak eskainiko ditu sortzaileak baliabide bildumekin; modu horretara, beste Mario batzuetako estetika erabil dezakegu originalean, baita zaleek sortutako diseinu berriak hartu ere.
Proiektua haratago doa, ordea: pertsonaia berriak —Toad, Waluigi eta bestelakoak ageri dira bideoan— zein orain arte ikusi gabeko zein galduta geratutako munduak biltzen ditu birmasterizazioak. Adibidez, SMB The Lost Levels, SMB Special edo Game Boy Color kontsolan argitaratutako SMB Deluxe bertsioetako mailetan jokatu ahalko dugu, baina erabiltzaileei euren erronkak sortzeko editorea ere eskainiko zaie, partekatzeko aukerarekin.
Modak edo eraldatzeak sortzea “erraza” izango dela azpimarratzen da: kodea bera hartuta prestatu ahalko direla azaltzen du JoeMamak, ondoren xdelta fitxategien bidez partekatzeko.
Sortzaileak azaltzen duenez, SMB erabiltzeko joko originalaren ROM fitxategia beharrezkoa izango da. Hori alboratuta, gainerako guztia hutsetik sortutakoa dela dio; beraz, Ship of Harkinian eta beste hainbat proiekturekin gertatu modura, legalki bideragarria dela aldarrikatzen du, eta Nintendo-k ezingo duela joko berria saretik ezabatu.
Iturginaren 40. urteurrena ospatzeko joko ederra: 1985eko irailaren 13an estreinatu zen bere NES kontsolako lehen titulua Japonian. Biharko Nintendo Direct aurkezpenean zerbait ofiziala ikus dezakegu, bestalde.
Etzitik aurrera, proiektuaren Github orrialdetik jaitsi ahalko da SMB Remastered. PCrako soilik kaleratuko du, printzipioz, baina kode irekiko lana izanik, ziurrenik plataforma gehiagotan ikusiko dugu komunitateari esker.
Bitartean, aldez aurretik kaleratutako SMW Remastered proba dezakegu; garatzailearen arabera, ez da horren bertsio ikaragarria, eta ez du hobetzen jarraituko, baina gehikuntza interesgarriak ditu.
Iruzkinak