Rosalina zein Luma pertsonaiak, indartzaile berriak zein multijokalarira bideratutako modalitateak eta erronkak bilduko ditu egungo kontsolan.

Nintendo-k Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park espantsioa martxoaren 26an kaleratuko du. Eduki gehigarriak aditzera eman ditu aurkezpen bideoarekin.

Gaur egungo kontsolako jokalariek soilik jasoko duten ordainpeko espantsioa izango da. Jatorrizko jokoa eduki gehigarriarekin batera salduko dute edizio fisiko berrian; horrez gain, bertsio originala erosita daukatenek Switch 2rako berritasunak jasotzeko hobekuntza txartel digitala eros dezakete.

Berritasun mordoarekin dator eguneratutako bertsioa. Eduki gehienak Bellabel Parken aurkituko ditugu: gune honetan multijokalarira bideratutako erronkak eta desafioak dira nagusi. Jolasen zentralean (Attraction Central) bi txoko egongo dira: tokiko multijokalariari zuzendutako jolasena, eta joko erronken gela.

Lehenengoan kontsola berean, edo GameShare ezaugarri bidez jokatzeko hamazazpi proba bildu dituzte. Lau jokalari erritmo jokoetan, txanponak batzen edo bestelako erronkak gainditzen ariko dira, proba lehiakorretan nahiz kooperatiboetan.

Joko erronken gela, bestalde, tokiko haririk gabeko jokora zein sareko partidetara bideratuta dago. Gehienez hamabi lagun batuko dira aldi berean sei proba guztiz berri jokatzeko.

Bellabel Parkekin jarraituta, kanpamentu nagusia (Camp Central) aurkituko dugu. Toad kapitainak eta bere taldekideek desafioak proposatuko dizkigute: oinarrizko jokoko mailak hartuta, helburu desberdinak bete beharko ditugu, bakarka ala taldean.

Lore erresumara itzuliz, zazpi Koopaling maltzurrak aurkituko ditugu espantsioan. Mapan zehar bilatu, eta euren aurka egin beharko dugu kanpai lore berriak berreskuratzeko.

Pertsonaia berriak ere iritsiko dira: Rosalinarekin jokatzeko aukera egongo da oraindik aurrera. Are gehiago, bi jokalari edo gehiago elkarrekin aritzerakoan Luma izartxoa hautatu ahalko da: hilezina izanik, gainerakoei laguntzeko ahalmena dauka, etsaiak garaituz. Ildo beretik joango da laguntza modalitatea. Hau aukeratuz gero, jokalariak ezingo dute bizitzarik galdu.

Bukatu aurretik, askorik zehaztu gabe, bestelako edukiak ere egongo direla aurreratu dute japoniarrek: bideo amaieran lore itxurako perretxiko indartzaile berria hartzen du Mariok.

Horrez gain, Switch 2ko errendimendu eta bereizmen hobekuntzak ezagutzea ere geratzen zaigu: ez dira aipatzen, baina inplementatuko dituztela suposatzekoa da, beste joko batzuekin egin bezala. Adibidez, joan den astean Donkey Kong Country Returns HD eguneratu zuten.

Joan den irailean ezagutu genuen Switch 2ko Wonderren eraberritzea, Marioren 40. urteurrenari hasiera emateko iragarpenen artean. Martxoaren 26an estreinatuko da Super Mario Bros. Wonder – Nintendo Switch 2 Edition + Meetup in Bellabel Park, esklusiboki, Switch 2 kontsolan.

Wonderri lotutako azken iragarpena utzi digute Nintendotik: Lore hizlariaren jostailua martxoaren 12an merkaturatuko da. Amiibo figurak ere kaleratuko dituzte; zehazki, Mario elefantea, Florian printzea eta Poplin-a zein Toad kapitaina eta lore hiztuna ikusiko ditugu.

Game Erauntsia analisia eskaini genion 2023an estreinatutako plataforma abentura koloretsuari. Hauxe nabarmentzen genuen testuan:

Super Mario Bros. Wonder ez da iturginaren jokorik borobilena izango, baina gaur egun bizi duen aroan merezi duen abentura da, zalantzarik gabe. Dibertigarria eta miragarria, plataforma zaleek gozatu baino ez dute egingo bere erronka zoragarriekin.

 

Mario Kart World-entzako eguneraketa

Mario Kart Worldek, gainera, doako gaurkotze interesgarria jaso berri du. Knockout Tour modalitatean taldeka jokatzea ahalbidetzen du, besteak beste, 1.5.0. adabakiak.

Horrela, gidariak taldeka banatuta, kanporatzerako unean puntuak eskuratuko dituzte. Beraz, zuzenean partida galdu beharrean, kanporatutakoek taldeari garaipena lortzen lagun diezaiokete.

24 jokalariko partidak mantentzen dira; bi taldetan (hamabi jokalari taldeko), hiru taldetan (zortzi taldeko) edo lau taldetan (sei gidari taldeko) bana daitezke.

Adabakiarekin bukatzeko, hainbat akats zuzenketa eta oreka aldaketa ere inplementatu dituzte.

 

Filmaren trailer berria

Iturginarekin bukatzeko, Nintendokoek The Super Mario Galaxy Movie filmaren bigarren trailer ofiziala eskaini dute asteburuan.

Irudi berriez osatutako bideoaren izar nagusia Yoshi dinosauroa da: lehen filmaren bukaeran bere arrautza ikusi ondoren, lehenengoz ikusi dugu Illumination taldearen diseinuarekin.

Horrez gain, bestelako ezusteak ere ageri dira. Galaxy azpititulua duen arren, Super Mario Bros. 2 edo 3, World zein Odyssey jokoetako elementuak ikusiko ditugu: Birdo, Mouser, igel jantzia edo Tostarena inguruak bilduko dituzte, besteak beste.

Apirilaren 1etik aurrera zinemetan ikusi ahalko da The Super Mario Galaxy Movie.