Game Boy eramangarriko klasikoak Switch hibridora eramaten jarraitzen du N handiak.
Nintendo Switch Online harpidetzak Game Boy kontsolako hiru bideojoko mitiko gehitu ditu bere bildumara: Super Mario Land, Alleyway eta Baseball maitatuetan joka dezakegu gaurtik aurrera.
Switch gailu hibridoko online zerbitzuaren harpidedunek euren liburutegietan aurki ditzakete hiru jokoak. Game Boyko tituluak oinarrizko harpidetza sisteman sartzen direnez, ez da beharrezkoa Expansion Pack zerbitzua edukitzea.
Izar nagusia, nola ez, 1989. urtean Game Boy originalarekin batera merkaturatutako Super Mario Land dugu. Harritzekoa da Nintendok orain arte NSOtik kanpo utzi izatea, baina azkenean bizi ditzakegu Sarasaland erresumako abenturak iturgin ezagunarekin. Marioren garai klasikoko jokorik berezienetakoa eta bitxienetakoa izanik, ziur askok berriz edo lehen aldiz jokatu nahiko dutela.
Alleyway gailu eramangarriaren katalogo beste altxorretako bat da, zalantzarik gabe. Breakout mitikoaren klona prestatu zuen Gunpei Yokoi Game Boyaren diseinatzaile nagusiak kontsolaren estreinaldirako: ontzi errektangular txikia gidatuko dugu bola batekin mailetako blokeak guztiak suntsitzeko.
Bukatzeko, Nintendoren Baseball jokoak japoniarren artean horren esanguratsua den kirolean aritzea proposatuko digu. Ezin daiteke esan gure lurretan arrakasta handirik lortu zuenik, baina 100 joko biltzen zuten kartutxoetako protagonistetako bat izan zen.
Jokookin NSOaren Game Boyko bilduma aberasten jarraitzen dute —erritmo geldoan, dena esan beharra dago—; izan ere, aurretik Super Mario Land 2: 6 Golden Coins, The Legend of Zelda: Link’s Awakening DX, Kirby’s Dream Land edo Dr. Mario maitatuak jaso ditu zerbitzuak.
Ez da harpidetza zerbitzura iritsitako kontsola bakarra, ordea: NES, SNES, Nintendo 64, Game Boy Advance zein Sega Mega Drive gailuetako tituluak aurki ditzakegu oinarrizko harpidetzaren eta Expansion Pack atalaren artean banatuta.
Iruzkinak