Urtarrilean Wii Uko eShop saltoki digitaletik desagertuko da. Super Mario Maker 2k funtzionalitate guztiak mantentzen jarraituko du.
Nintendok bere erabiltzailearentzako euskarrirako webgunean iragarri duenez Wii Uko jatorrizko Super Mario Makerrek online funtzionaltasun batzuk galduko ditu 2021ean.
Zehazki, martxoaren 31tik aurrera erabiltzaileek sortutako mailak partekatzeko ezaugarria eta Super Mario Maker Bookmark webgunea desagertu egingo dira. Horiekin batera jokalarien rankingak eta gustuko mailen zerrenda erabiltezinak bilakatuko dira.
Hori bai, dagoeneko sarera igotako mailak jaisten jarraitu ahalko da. Erabiltzaileek 2021eko martxoaren 31 baino lehen mailak gordetzeko aukera edukiko dute beraz. Jokoa erosi dutenek nahi beste jaisteko aukera edukiko dute gainera: eShopeko zerrendatik ezabatuko den arren eskuratuta daukatenek ez dute berriz instalatzeko arazorik izango.
Hautatutako eguna Super Marioren 35. urteurrena ospatzen bukatuko duten data da, hain zuzen ere. Egun horretan SMMren online funtzionaltasunak kentzearekin batera Super Mario 3D All-Stars saltzeari utzi eta Super Mario 35 eShopetik kenduko dute.
Erabaki hauek jakitera emateaz gain Super Mario Makerren jarraipenari buruz ere mintzatu da Nintendo: Switcheko SMM2k sare bidezko funtzionaltasun guztiak mantenduko ditu.
Iruzkinak