King Dedede eta Tails borrokalariak jaso ditu kokaleku, objektu eta garaikur berriekin batera.

Super Smash Bros. zaleek proiektu zeharo interesgarriak jasotzen jarraitzen dute. Aspaldi abiatutako Akaneia romhack-ak 1.0 adabakia kaleratu berri du, GameCube kontsolan argitaratutako SSB Melee mitikoa hobetzeko eta eraldatzeko asmoarekin.

Dakartzan edukien zerrenda ikaragarria da, baina bi nabarmentzen dira: borrokalari berriak, hain zuzen. Kirby sagako King Dedede zital bezain xarmagarriarekin joka dezakegu Meleen orain; bestalde, Sonic-en adiskide Miles ‘Tails’ Prower ere iritsi da borroka joko maitatura. Bakoitzak bere mugimenduak, estatistika eta abileziak, ditu, noski, garatzaile taldeak egindako lan ikaragarria agerian jarrita.

Berritasunekin jarraituz, borrokaleku mordoa jaso ditu Meleek: Dedede Arena, Dolphin Park, Fichina, Saturn Valley, Sprout Tower, Sector Z eta Gamecube Realm gaineratu dira bideojokora. Azken gunearekin egindako lana aipatzekoa da, memoria txartelean gordetako bideojokoen partiden arabera, ikur desberdinak agertuko baitira hondoan.

Abestiak, garaikurrak eta oreka aldaketak, denetarik bildu dute Akaneiaren azken eguneraketan. Aurreko bertsioetan dagoeneko eduki mordoa prestatu dute egileek, baina: Sonic, Lucas, Wolf, Charizard edo Diddy Kong gehitu dituzte, batzuk aipatzearren.

 

Super Smash Brosen berpizkundea, zaleen aldetik

Nintendo-ren borroka jokoen frankizia sekulako arrakasta da, noski —SSB Ultimate-k saldutako 36,24 ale daramatza—, baina zaleen komunitateak joko zaharrak bizirik mantentzeko zein berriak sortzeko hartutako lana maitatzekoa da.

Project+ —ProjectM ezagunearen jarraipen ez-ofiziala— romhacka da guztietatik ospetsuena. SSB Brawl atalerako mod honek jokagarritasuna Meleerengana hurreratzea dauka helburu; bidean, pertsonaiak, borrokalekuak, itxurak, objektuak eta askoz eduki gehiago gaineratu dizkiote Wii-ko borroka jokoari.

Smash Remix ere oso maitatuta da jokalarien artean. Nintendo 64ko SSB originala eraldatzen duen romhackak ere borrokalariak, kokalekuak, objektuak, abestiak eta bestelako aldaketa interesgarriak inplementatzen ditu. Iazko 1.5 bertsioa izan da azkena.

SSBn oinarritutako titulu berriak aipatu ditugu, eta, ziurrenik, Super Smash Flash 2 da maitatuena. Borrokak bi dimentsioetara daramatzan obra honek Nintendoren jokoen maila berbera erakusten du, aldi berean mekanika berriak edo aldaketak txertatuta. Orain gutxi 1.4 adabakia jaso du, gainera.