1.4 adabakiaren beta bertsioak King Dedede gehitu eta Son Goku eraberritu ditu, besteak beste. Doan joka dezakegu.

Super Smash Flash 2 edo SSF2 urte luzez borroka jokoen komunitatean indartsu mantendu den zaleen proiektua dugu. Asteon gaurkotzea jaso du, pertsonaia berriak, borrokalekuak, objektuak eta askoz gehiago gehituta.

Izenik argi adierazten duen bezala, Nintendo-ren Super Smash Bros borroka saga maitatuan oinarritutako titulua dugu SSF2. Bere mekanikak eta ideiak bereganatuta, bi dimentsiotan sortutako lan guztiz berria da; horrela, komunitateak elkarlanean denetariko eduki berritzaileak sortu ditu.

1.4 eguneratzearen beta bertsioa aurkezteko bideo berezia prestatu dute egileek. Borrokalariak izan ohi dira gaurkotzeen izar nagusia, eta oraingoan askotariko ezustekoak datoz: King Dedede indartsua SSBtik hartutako mugimendu sorta zabalarekin kontrola dezakegu.

Son Goku jada bazegoen SSF2n, baina Nintendo DSko Jump Super Stars bideojokoan erabilitako sprite eta mugimenduak hartzen zituen. Horiek aldatzeari ekin diote azken gaurkotzearekin, Dragoi Bolako protagonistak goitik behera eraberrituta. Antzekoak egin dituzte, gainera, Tales of Symphonia-ko Lloyd protagonistarekin zein Sonic-en Tails lagunarekin.

Borrokaleku ugari inplementatu dituzte, baita: Dedede Arena, Jungle Island, Multi-Man Battlefield, Palace of Twilight eta Snowpoint Temple aipatzen dituzte. Gainera, POW blokea edo koko pistola bezalako objektuak nahiz Celebi, Cyndaquil, Marill, Mew, Regirock, Unown eta Venusaur pokémon laguntzaileak edo Air Man, Arthur, Moai zein Vegeta laguntza garaikurrak gaineratu dira.

Nola ez, aipatutako guztiei hobekuntzen zein akatsen zuzenketa zerrenda ikaragarria gehitu behar zaie. Aldatutakoak hemen irakur ditzakezue.

Proiektua SSF originalaren —hemen joka dezakezue— jarraipen zuzena da. SSF2ren lehen bertsioa 2007. urtean estreinatu zuen McLeodGaming taldeak, baina lehen beta 2017an ikusi genuen. Ordutik hona eguneraketa eta berritasun mordoa garatu dituzte, Ganondorf, Naruto, Rayman, Sora, Ichigo edo, noski baietz, Waluigi gehituta, beste hainbat edukiren artean.

Smash Brosen ohiko modalitate guztiak ikusiko ditugu, gainera: kanpaina, borroka bereziak eta minijokoak ditugu, baina tokiko zein online multijokalarian aritzeko aukera ere eskaintzen digute.

Super Smash Flash 2 doan jaitsi eta joka daiteke: proiektuaren webgune ofizialean aurkituko ditugu beharrezko guztiak.