Oraingoan ez du euskal bikoizketarik edukiko. Ikuspegi isometrikoarekin bizitako lasterketak agintzen ditu berriz ViJuDa-ren lanak.
Euskarazko bideojoko berria jasoko dugu aurten. ViJuDa garatzailea sortzen ari den Super Woden GP dibertigarriaren jarraipena gure mintzairan estreinatuko da; sortzaileak urtea bukatu aurretik argitaratzea aurreikusten du.
ViJuDak jakitera eman duenez, bideojokoa oraindik ez da lokalizazio fasean aurkitzen; beraz, momentuz euskarazko itzulpena inplementatu gabe dago. Halere, “bai ala bai” euskaraz kaleratuko dela aldarrikatu du; zoritxarrez, oraingoan euskal bikoizketarik gabe geratuko garela dirudi. Galegoz eta katalanez ere argitaratuko du.
Lehen atalean ikusitakoa handituko eta hobetuko du Super Woden GP 2k. Hau da: gidatze errealista zein arkadea uztartzen dituen auto lasterketak biziko ditugu. Beste behin, ikuspegi isometrikoarekin nahiz retro estetikarekin ariko dira gidariak; modu horretara, World Rally Championship eta arkade aretoetako beste hainbat lasterketa joko gogoraraziko ditu.
Txapelketak, rallyak, erresistentzia lasterketak, ekimen bereziak… horiek eta gehiago dira tituluak proposatutakoak. Jokalari bakarrarentzako kanpaina sakona nabarmentzekoa da: Gran Turismo bezalako jokoetan egin modura, auto kaskarrekin hasiko dugu gure ibilbidea, lasterketak irabazten joan ahala bolido are hobeak eskuratzeko zein hauen ezaugarriak areagotzeko tresnak erosteko.
Zortzi fabrikatzaileren autoak bilduko ditu jokoak; guztira, 100 ibilgailu baino gehiago egongo direla agintzen du ViJuDak. Asmatutako autoak izango dira, baina, zelan ez, benetako ibilgailu ezagunetan inspiratutakoak: Audi Sport Quattro, Subaru Impreza, Mitsubishi Lancer Evolution IV edo Peugeot 205 bezalako automobil klasikoak gida daitezke Super Woden GP 2n.
Kokalekuei dagokienez, denetariko tokiak bisitatuko ditugu. Munduko herrialde desberdinetako zirkuituak nahiz errepideak zeharkatzen ariko gara. Hauetan lortutako denborak sarean parteka ditzakegu, lagunekin zein beste jokalariekin klasifikazio tauletan alderatzeko. Soinu banda ere aipatzekoa da: DJ DeVito-k sortutako doinuek kutsu retro eta klasiko hori eskaintzen diote lasterketa jokoari.
Bukatzeko, tokiko multijokalaria bultzatzen jarraituko du Super Woden GP 2k: aurrekoan egin bezala, lau jokalarik parte hart dezakete proposatutako lasterketetan zatitutako pantailarekin.
Demoa Steam Next Fest-ean
Arestian esan modura, Super Woden GP 2 aurten estreinatzeko asmoa dauka ViJuDa garatzaileak. Hala eta guztiz ere, une honetan doan probatzeko aukera daukagu Steam Next Festari esker: Valve-koen demoen jaialdian eskaintzen dute.
Arkade modalitateko hainbat lasterketa eta auto desberdin proposatzen ditu demoak; gainera, autoen arteko koloreen eta itxuren artean aldatzen joan gaitezke, baita gure denborak partekatu ere. Lokalizazio desberdinak prestatu gabe daudenez, ingelesez solik joka dezakegu demoan.
Super Woden GP 2 PC-an estreinatuko da oraingoz. Lehen jokoak kontsoletan ere bukatu zuela ikusita, ez da harritzekoa izango denborarekin hauentzako bertsioak ikustea.
Iruzkinak