PCrako eta Switcherako argitaratuko du ViJuDak. Testuak eta ahotsa euskaraz jartzeaz arduratu da Eneko Osaba bideo-jokozalea.
90eko hamarkadan arkade aretoetan ibiltzen zirenek ondo gogoratuko dituzte World Rally Championship bezalako rally bideo-jokoak. Horiek gogora ekarri eta gaur egungo plataformetara moldatzeko asmoarekin garatzen dabil ViJuDa estudioa Super Woden GP: guztiz euskaratuta kaleratuko du lasterketa jokoa arduradunek.
Euskaratze lanerako Eneko Osaba bideo-jokozale portugaletetarraren laguntza eduki du estudio espainiarrak. Elkarlana Osabak berak sortutako podcastetik abiatu zen: N Handiaren historia eta ibilbidea jorratzen ditu zaleak gazteleraz Arqueologia Nintendo saioan.
Hortik ezagutu ziren Osaba eta Super Woden GPko langileak: elkar ezagutu ondoren ViJuDakoek prestatzen ari ziren lana euskaratzea proposatu zioten portugaletetarrari: “noski, niri ideia galanta iruditu zitzaidan, eta horrela hasi ginen jokoaren testuak eta ahotsak itzultzen”.
Izan ere, jokoan agertutako testuak euskaratzeaz gain, jokalariekin batera ariko den kopilotuaren ahotsa ere jarri du Osabak. Rallyetan ohikoa den bezala bihurgune, oztopo eta arrisku guztiak abesten joango da kopilotua ViJuDaren jokoan. Grabaketa “etxetik” egin zuela nabarmendu du zaleak, “podcasta grabatzeko tresneria eta Audacity programa erabilita”.
Euskaratze prozesuari buruz ere mintzatu da Osaba. Jokoaren testuak itzultzerakoan hainbat oztoporekin aurkitu dela dio podcast sortzaileak, batez ere esaldien testuingurua ulertzerako orduan. Horrez gain, erabilitako jargoi teknikoa euskaratzeko zailtasunak ere izan dituela azpimarratu du, “rallyei buruzko inolako ezagutzarik izan gabe”.
Ahotsak grabatzerakoan froga mordoa egin behar izatea gogoratzen du: podcasta grabatzera ohituta egon arren, kopilotuari ahotsa ematerakoan beharrezko enfasia jartzea “zaila” egin zaiola dio Osabak, baina behin eta berriz saiatuta “enfasi egokia lortu” duela uste du euskarazko ahotsak jartzera iritsi den bideo-jokozaleak.
Halako zerbait egiten duen lehen aldia da Osabarentzat, baina oso pozik geratu da lortutakoarekin: “egia esanda, esperientzia ikaragarria izan da, eta uste dut emaitza oso ona izan dela. Hala ere, momentu batzuetan oso zaila izan da gauzak ondo egitea”.
Super Woden Gpra euskaraz jokatzeko ez da aparteko ezer instalatu beharko: jokoaren menutik euskara aukeratzea baino ez dute jokalariek.
Gran Turismo bezalako kanpaina
Ikuspegi isometrikodun lasterketak izango dira ViJUDaren jokoaren ardatza, baina jokalari bakarrarentzako kanpaina handia eratzeko lan egin dute garatzaileek. Gran Turismo gogora ekarriko duen joko mota izango da hau: hainbat lasterketen artea aukeratuko dute bertan jokalariek, ibilbide profesionala aurrera eraman eta horrela auto, froga eta lasterketa gehiago desblokeatuta.
Sei fabrikatzaleren 70 bat autoren artean aukeratu ahalko dute jokalariek; argitaratu ondoren doako eguneraketen bidez are eduki gehiago gaineratzea aurreikusten du estudioak. Nostalgia faktorea indartzeko jostagarritasuna bakarrik ez, filtro desberdinak ere izango ditu rally jokoak.
Gainera, multijokalariak ere bere txokoa edukiko du. Tokiko partidak jokatu ahalko dira lau lagunen artean, baina sare bidezko multijokalaria ere prestatzen ari dira garatzaileak. Steam Remote Play ezaugarria ere erabiliko dute lagunekin jokatzea errazteko.
Argitaratze data zehatzik eman gabe, 2021ean merkaturatuko dute Super Woden GP PCrako eta Switcherako. Jokatzeko gogoekin bazabiltza, doako froga deskargatu daiteke Steametik.
Iruzkinak