ViJuDa garatzailea Eastasiasoft argitaletxearekin elkartu da bideojokoa zabaltzeko. Rally lasterketa klasikoak biziko ditugu tituluan.
Super Woden GP 2021ean euskaraz kaleratutako bideojokoetako bat izan zen. Euskaraz, eta berezitasun esanguratsuarekin: testuez gain, gure hizkuntzara bikoiztutako titulua dugu. Ordenagailuetan soilik estreinatu zen, baina ViJuDa garatzaileak berritasunak eman ditu bere sare sozialen bitartez: lasterketen jokoa PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switch kontsoletan merkaturatuko da udazken honetan.
Modu horretara, 90eko hamarkadako lasterketen arkade jokoak omentzen dituen obra zoragarriaz gozatu ahalko dute kontsolako bideojokozaleek; izan ere, ikuspegi isometrikoarekin eta gidatze sinple baina zehatzarekin World Rally Championship zein garaiko beste hainbat klasiko gogora ekartzen ditu.
Super Woden GPn 70 bat auto lortuko ditugu rally estiloko proba desberdinetan gidatzeko. Hori bai, Gran Turismo bezalako bideojokoen jokalari bakarrarentzako kanpainaren bidez eskuratuko ditugu hauek: lasterketa desberdinetan garaipena lortu, autoak saltokietan erosi, eta hauek hobetu zein margotuko ditugu.
Bideojokoa kontsoletara eramateko helburuarekin Eastasiasoft banatzailearekin bat egin du ViJuDak: argitaletxea arduratuko da bertsio hauek plataforma digitaletara eramateaz. Egia esan, bideojokoak ez du edizio fisikorik jasoko; digitalki soilik eskuratu ahalko da.
Esan bezala, euskarazko itzulpena nahiz bikoizketa ditu Super Woden GPk. Hori posible egiteko Eneko Osaba bideojokozale euskaldunaren laguntza eduki zuen ViJuDak: hau arduratu zen lokalizazio lanaz zein kopilotuaren esaldiak eta ohartarazpenak grabatzeaz.
Super Woden GP udazkenean kaleratuko da PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan. Bitartean, PCan joka daiteke Steam plataforman erosita.
Iruzkinak