Jatorrizko bideojokoa erosi zutenek doan jasoko dute Superhot: Mind Control Delete.
2017an Superhotentzako espantsio bezala iragarri bazuten ere, Superhot: Mind Control Delete tiro jokoen saga arrakastatsuko hirugarren atalean bilakatu da. Superhot Teameko kideek uztailaren 16an PC, PS4 eta Xbox Onerako argitaratuko dela adierazi dute.
Hasiera batean roguelite bezala garatu zuten, baina urteak igaro ahala zaleei “istorio gehiago, jostagarritasun propio gehiago eta orokorrean Superhoten munduko eduki gehiago” eskaintzeko obra izaten bukatu du.
Horrela, “askoz bideojoko handiagoa” eratu dutela baieztatu dute arduradunek. Mekanika gehiago eskaini, eta jokalariei tiroketak esperimentzatzeko modu anitzak ahalbidetzeko pertsonaia propioak eratzeko bideak eskainiko dizkiete.
Jatorrizko Superhot erosi zutenek doan jasoko dute Mind Control Delete. Zehaztu dutenez, VR bertsioa eskaintzatik kanpo geratzen da, baita Epic Games Store, Games with Gold eta Twich Prime bidez banatutako doako aleak ere. Eskaintza bereziari buruzko zalantzak dituztenek hemen aurkituko dituzte horri buruzko erantzun guztiak.
Iruzkinak