Torpor Gamesen lanean Sordland deitutako herrialdearen presidentean bilakatuko dira; nola edo hala gobernua aurrera eraman beharko dute.
Rol jokoetan era guztietako eginkizunak hartzen dituzte jokalariek, baina oso gutxitan edukiko dute herrialde bateko presidentearen papera hartzeko aukera. Suzerain testu bidezko drama politikoak hori posible egin du.
Sordland deitutako fikziozko herrialdeko Anton Rayne presidentea da abentura honetako protagonista. Herrialdea bi hamarkada luzez Soll koronelaren agintepean bizi izan da gerra zibileko garailea izan ondoren: hori Raynen etorrerarekin aldatuko da, ezustean hauteskundeak irabazi ondoren.
“Nola gobernatuko duzu?” galdera proposatzen dute Torpor Gameseko garatzaileek. Raynen lehen agintaldian gobernua eta Sordlandeko biztanleak aurrera eramateko hartu beharreko erabakiak jokalarien eskuetan egongo dira. Ekonomia nahaspila hutsa da eta egoera politikoa guztiz aldatzekotan dago. Jokalariek herriaren alde egin edo ustelkeriaz gainezka egingo duen gobernua eratzeko aukera edukiko dute.
Erabaki guztiek beraien ondorioak izango dituzte solasaldiz betetako joko honetan. Aliantzak sortuko dira, baina etsaiekin topo egitea saihestezina izango da.
Suzerain PCrako estreinatu da Steam saltoki digitalaren bitartez.
Iruzkinak