7,01 milioi gailu saldu dituzte gabonetako kanpainan. Mario Kart World da kontsolaren titulurik arrakastatsuena, 14,03 milioi jokorekin.
Nintendo-k azken hiruhileko fiskalaren finantza txostenak eskaini ditu. Titularra Switch 2ko salmentei lotutakoa da: 17,37 milioi kontsola saldu dituzte iazko ekainean merkaturatu zutenetik.
Emaitza ikusgarriak, aurreko hiruhilekoaren bukaeran 10,36 milioi salmentak gainditu zituztela ezagututa: noski, azken 7,01 milioiak eguberrietako kanpainei lotutakoak izanik, gorakada ulertzekoa da.
Indar betean hasi zela gogoratu beharra dago: ekainean merkaturatu eta lau egunetara 3,5 milioi salmentak gainditu zituen.

Bideojokoei dagokienez, 17,31 titulu saldu dituzte abenduaren 31 aurreko hiruhilekoan. Mario Kart World da erabateko erregea, 14.03 milioi salmentarekin.
Atzetik ditu Donkey Kong Bananza (4,25 milioi), Pokémon Legends: Z-A (3,89 milioi) eta Kirby Air Riders (1,76 milioi) —Air Ride originalaren bizitza osoko salmentak gainditu ditu Sakurai-k—. Guztira, 37,93 milioi joko saldu dira Switch 2 kontsolarako.
Switch originala, Nintendoren kontsolarik salduena
Lehen Switch kontsolaren zifrak ere aztertzekoak dira, 155,37 milioietara iritsi baita, urritik abendura bitartean 1,36 gailu salduta: modu horretara, Nintendo DS eramangarriaren salmentak gainditu ditu, N handiaren gailurik salduena izatera iristeraino —salmenta datu hutsak kontuan hartuz gero, behintzat—.
Are gehiago, bost milioi eskas gelditzen zaizkio PlayStation 2aren 160 milioiak gainditzeko, eta inoizko kontsolarik salduena bilakatzeko. Switch 2a dagoeneko merkatuan egonda, zaila izan daitekeela pentsa dezakegu, baina oraindik Switch originalareko bideojoko ugari kaleratzen jarraitzen da.
Horren adierazle dira kontsola zaharreko bideojokoen salmentak: txostenak lantzen duen hiruhilekoan 47,37 milioi joko saldu dituzte; guztira, 1.500,16 milioi joko saldu dira Switch originalean.
Lander Unzueta
Iruzkinak