Aurten iritsiko dira saltokietara, aginte desberdinen eguneratzeekin batera. Switch originala saltzeari utziko dio N handiak.
Switch 2 zaharberritua iragarri du Nintendok. Egungo kontsolaren modelo berriak bateria aldagarria gehituko du.
Modu horretara, Europar Batasunetik eskatutako baterien inguruko legedia errespetatzeari ekin diote Kiotokoek; ez dira bakarrak izango, hurrengo hilabeteetan are gailu gehiagok inplementatu beharko dute bateriaz aldatzeko aukera.
Udazkenetik aurrera ikusiko ditugu Switch 2 berriak. Bateria pixkat txikiagoak ekarriko dituzte —ez dugu nabariko, 5220 mAh-tik 5172 mAh—. Kontsolaren ostean, mando mota desberdinen modelo berriak ere ikusiko ditugu saltokietan; hau da, negutik aurrera bateria aldagarriak dituzten joy-con eta Pro aginteak zein Nintendo 64 nahiz GameCube kontsoletako mando klasikoak eraberrituko dira.
Araudi berria 2027ko otsailean nahitaezkoa izango denez, ordura arte modelo zaharrak saltzen jarraituko dute: berriek pixkanaka ordeztuko dituzte orain artekoak.
Switch 2aren prezio igoerarekin batera helduko da modelo berria: irailaren 1etik aurrera, 499,99 eurotan salduko da.
Bukatzeko, Switch originala saltzeari utziko diola jakinarazi dute Nintendokoek. 2027ko otsailean, araudi berriarekin, Nintendo Switch, Nintendo Switch Lite eta Nintendo Switch OLED gailuak desagertuko dira saltokietatik. Diotenez, aurten fabrikatzen jarraituko dituzte, beraz ez legoke hauek erosteko arazorik egon beharko.
Kontsolaren hamargarren urteurrena betetzear dagoela agur esango diogu, beraz: 2017ko martxoan merkaturatu zuten Switch hibridoa. Nintendo Store saltokian ere Switch originalari lotutako hardwarea saltzeari utziko diote. Hauek dira desagertuko direnak:
- Nintendo Switcheko Nintendo Entertainment System (NES) agintea
- Pokémon Go Plus +
- Nintendo Switch
- Nintendo Switch Lite
- Nintendo Switch OLED
- Nintendo Switcheko Pro agintea
- Nintendo Switcheko SEGA Mega Drive agintea
- Nintendo Switcheko Super Nintendo Entertainment System (SNES) agintea
Lander Unzueta
Iruzkinak