Europako araudiei erantzuteko pentsatutako berrikusketa litzateke. Egungo bertsioak oztopo larriak jartzen dizkie bateria berria erabili nahi dutenei.
Switch 2 kontsola iaz estreinatu bazen ere, Nintendo eraberritutako modeloa prestatzen dabiltzala dirudi. Nikkei agerkariak aurreratu duenagatik, bateria aldaketak erraztea bilatzen duen berrikusketa ikusiko genuke hurrengo hilabeteotan.
Europar Batasunetik eskatutako baterien inguruko legedia errespetatzeko hartutako zaharberritzea izango omen da. Hots, egungo bertsioak arazo eta oztopo larriak aurkezten ditu batera ordezkatu nahi dugunean: iFixit webgune ezagunak hamarretik hiruko balorazioa eskaini dio konpongarritasun arloan Switch 2ari, eta, bateriak aldatzeko gidan sartuz gero, 63 pauso dituela ikus dezakegu.
Kontsolaren bateria ez ezik, Joy Con 2 aginteen bateriak ere errazago aldatuko genituzke hurrengo modeloarekin. Europarako modeloetan ikusi genuke aldaketa; dena den, AEBetara eta Japoniara iristea ere espero da.
Ez da halako aldaketak ikusten dugun lehen aldia: Steam Deck-a errazago konpontzeko aldaketak prestatu zituen Valve-k modelo berriagoekin, eta PlayStation-ek ere antzekoa egin du orain gutxi DualSense aginteekin.
Kontsola interesgarria hobetzen
Bateriaren datua benetan interesgarria bada ere, are erakargarria da joan den astean N handiak Switch 2rako kaleratutako eguneratzea.
Gailu hibridoaren modu eramangarriari bultzada (boost) modalitatea gehitu diote 22.0.0 gaurkotzearekin. Zer lortu dute horrekin? Switch 1eko bideojokoak kalitate handian jokatzea.
Aurreko kontsolako tituluak modu eramangarrian jokatzerakoan, oraindik aurrera telebista modalitatean exekuta ditzake egungo gailuak: modu horretara, atal grafikoa nabarmen hobetzen da, jokoaren arabera, bereizmena, fotogramak eta beste hainbat aukera areagotuta.
Lander Unzueta
Iruzkinak