Aurten iritsiko dira hirurak, hobekuntzekin eta optimizazioekin.
Bethesdak Switch 2 kontsolarako hiru port iragarri ditu Nintendo Direct: Partner Showcase aurkezpenean. Fallout 4: Anniversary Edition, The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered zein Indiana Jones and the Golden Circle estreinatuko dira Nintendoren egungo kontsolan.
Argitaratuko den lehena Fallout 4: Anniversary Edition izango da —argi eta garbi, telesailaren bigarren denboraldiaren arrakastaz baliatzearren—: otsailaren 24an helduko da, digitalean, eta, apirilaren 28an, bertsio fisikoa ikusiko dugu. Laugarren Falloutek jasotako sei espantsioak biltzen ditu urteurrenaren edizioak; horrez gain, Creation Club bidez sortutako eraldaketak gehituko ditu.
Indiana Jones and the Golden Circle, bestalde, maiatzaren 12an argitaratuko da Switch 2an. Indy abenturazalearen azken abenturak akzioa, esplorazioa eta isil-gordekako uneak batzen ditu lehen pertsonako ikuspegiarekin. Balorazio apartak eskuratuta igaro da PC, Xbox Series zein PS5 gailuetatik.
Bukatzeko, The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered aurten estreinatuko dela adierazi du Todd Howard Bethesdaren arduradun nagusiak; halere, ez du egun zehatzik eman. Iaz ikusi genuen Oblivion maitatuaren birmasterizazioa, atal grafikoan aldaketa handiekin, Unreal Engine 5 garapen motorea erabiltzen baitu Creation Engine originalaren gainetik. Knights of the Nine nahiz The Shivering Isles espantsioekin batera estreinatuko da, baita orain arte ikusi gabeko hobekuntzekin ere.
Lander Unzueta
Iruzkinak