Mario Kart World da jokorik salduena, 9,5 milioi alerekin. Switch originalak 154 milioi kontsola saltzea lortu du.
Nintendok zerga urteko bigarren finantza txostena argitaratu du, Switch 2 kontsola berriari buruzko datu interesgarriak eskainita. Hamar milioi salmentak gainditu ditu gailu hibridoak ekainean estreinatu zenetik.
10,36 milioi Switch 2 saldu dituzte, zehazki, Kiotokoek. Uztailean, abuztuan eta irailean —urte fiskaleko bigarren hiruhilekoan, alegia— 4,54 milioi gailu saltzea lortu dute; gainerako 5,82 milioiak ekainekoak dira. —ekainaren 5ean merkaturatu zen kontsola—.
Zifra ikaragarriak N handiarentzat, beraz: aurreko belaunaldiei begira jarriz gero, Switch originalak 17,79 milioi saldu zituen lehen urte osoan (2017ko martxotik 2018kora). Wii U-ak, berriz, 13,56 milioi unitate banatu zituen bere bizi denborak iraun zuen bitartean (2012tik 2017ra).
Switch 2aren etorkizunari heltzen badiogu, Nintendok urte fiskaleko aurreikuspenak eguneratu ditu: 2026ko martxoa bukatu aurretik hemeretzi milioi gailu saltzea espero dute japoniarrek —aurretik, hamabost milioitan ezarri zituzten aurreikuspenak—.
Switch originalaren salmentak murrizten joatea espero dute Nintendokoek, ulertzekoa den bezala: zerga urtean lau milioi saltzea aurreikusten da.
Mario Kart, errege, baina kontsolarekin batera
Software eta bideojoko datuak zein zifrak ere eskaini dituzte finantza txostenean. Titulurik salduena, nola ez, Mario Kart World berria izan da: 9,57 milioi unitate saldu ditu lasterketa tituluak. Zenbakian are gehiago sakontzea merezi du; izan ere, horietatik 8,10 milioi kontsolarekin batera erositako bildumakoak dira. Hau da: 2,26 milioi Switch 2 Mario Kart World gabe erosi ziren.
Donkey Kong Bananza dauka atzetik. Gorilaren eta Pauline-n plataforma abenturak 3,49 milioi saldu ditu uztailean estreinatu zenetik.

Switch 2ko 11,95 milioi bideojoko saldu dituztela nabarmentzen da txostenean; oraindik ezin dio aurrekariaren mailari jarraitu, Switch 1eko 37,16 milioi bideojoko saldu direla aipatzen baita.
Hemen ere ezustekoak daude. Zerga urteko bigarren hiruhilekoan, Mario Kart 8 Deluxe-k 1,37 milioi salmenta eduki dituela diote (69,56 milioi guztira). Super Mario Party Jamboree indarberrituta dabil, baita: 1,16 milioi ale saldu dituzte uztailetik irailera (8,64 milioi guztira).
Hauek dira, une honetan, Switcheko bideojokorik arrakastatsuenak:
- Mario Kart 8 Deluxe – 69,56 milioi
- Animal Crossing: New Horizons – 48,62 milioi
- Super Smash Bros. Ultimate – 36,93 milioi
- The Legend of Zelda: Breath of the Wild – 33,34 milioi
- Super Mario Odyssey – 29,84 milioi
- Pokemon Scarlet / Pokemon Violet – 27,61 milioi
- Pokemon Sword / Pokemon Shield – 26,96 milioi
- The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom – 22,15 milioi
- Super Mario Party – 21,23 milioi
- New Super Mario Bros. U Deluxe – 18,53 milioi
Honekin guztiarekin, Kiotoko enpresak iazko epe bereko irabaziak bikoiztu ditu: 1,099 mila milioi yenetako irabaziak eskuratu ditu oraingoan. Horrela, zerga urteko onuren aurreikuspena % 18,4 areagotu du Nintendok.
Lander Unzueta
Iruzkinak