Breath of the Wild-en hobetutako bertsioa zein UE5en Matrix Awakens demo teknikoa prestatu dituztela filtratu da.
Eurogamer eta Video Games Chronicle agerkariek jakitera eman dutenez, Nintendok bere hurrengo kontsolaren bideojokoak eta demo teknikoak erakutsi ditu garatzaileei soilik zuzendutako aurkezpen itxian. Zehazki, abuztuan Kolonian egindako Gamescom azokan aurkeztu zituen. Switch 2 izena aipatzen da; hau da, gaur egungo kontsola hibridoaren oinordeko zuzena.
Eurogamerrek aurreratzen duenez —eta VGCk baieztatu— The Legend of Zelda: Breath of the Wild klasikoaren hobetutako bertsioa ikusteko aukera eduki zuten bertaratutakoek: bereizmen eta segundoko irudien tasa areagotuak zeuzkan Switch 2ko bertsio honek. Noski, bertsio hau kontsola berriaren gaitasunak erakusteko sortutakoa izan daiteke; agian ez dugu inoiz jokatuko.
VGCren beste iturri baten arabera, Unreal Engine 5 iragartzeko erabilitako Matrix Awakens demo tekniko ikusgarriaz ere baliatu ziren Nintendokoak Switch 2 honen indarra ezagutzera emateko.
Hau irakurrita PlayStation 5-aren zein Xbox Series-en parera dagoela pentsa daitekeen arren, Nvidia-koen DLSS teknologia erabiltzen zuela nabarmentzen da artikuluan; bereizmen murriztuan mugitzen zuen, beraz. Gainera, atal tekniko murriztua ere erakusten zuen.
Orain gutxi filtratutako txostenean azaltzen zenez, Nintendok dagoeneko garapen kitak banatu ditu garatzaile zehatzen artean. Horrez gain, hainbat iturrik Nintendok Switch 2a 2024an merkaturatuko duela aurreratu dute.
Ikusteko dago kontsola guztiz berria izango den, edo, besterik gabe, osagai hobeekin oinarri berberak mantentzen dituen Switch Pro ospetsu horren aurrean gauden azkenik. Momentuz, zoritxarrez, zain geratzeko txanda da guretzat.
Hori bai, Nintendok titulu ugari dauzka datorren urterako: Peach printzesaren bideojoko berria zein Luigi’s Mansion 2-ren bermasterizazioa, baita galdutako Metroid Prime 4 ere.
Iruzkinak