22.0.0 adabakiarekin zaleak aspalditik eskatzen zuten funtzionalitatea gehitu du N handiak.
Switch 2ak eguneratze handia jaso du. Egungo kontsolaren modu eramangarriari bultzada (boost) modalitatea gehitu diote: Switch 1eko bideojokoak kalitate handian jokatzea ahalbidetzen du, alegia, telebista moduan.
Nintendoren erabiltzaileek ondo dakiten bezala, Switch kontsolak hibridoak dira; hau da, modu eramangarrian (handheld) zein mahaigainekoan (docked), hots, pantaila handira konektatuta, erabil ditzakegu. Hori dela eta, bideojokoek bi kalitate maila dituzte: eramangarrian murriztutako bereizmenarekin, segundoko fotogramen tasarekin eta atal grafikoarekin jokatu ohi dira.
Switch 2ak Switch originaleko tituluak exekuta ditzake retrobateragarritasunari esker. Orain arte, baina, gailu zaharraren aukera berberekin egiten zuen, aipatutako bi kalitate aukerekin. Bultzada modalitatearekin joko zaharrak kalitate gorenean jokatuko ditugu, mahaigain zein eramangarri moduak parean jarrita.
22.0.0 gaurkotzearekin batera ikusiko ditugu aipatutako hobekuntzak. Jokoaren arabera jauzi izugarria nabari daiteke: 1080p bereizmenak, 60 fps-ko tasak, hobetutako grafikoak… Zaleak Switch 2a estreinatu zenetik eskatzen zebiltzan ezaugarria da, eta, egia esan, Nintendokoek adabakiaren aldaketen zerrendan ezkutatuta argitaratu dute, ia aditzera eman gabe.
Aipatzen dutenez, modu eramangarrian erabiltzeko pentsatutako hainbat ezaugarri apur ditzake ezaugarriak; jokoaren araberako akatsak egongo direla nabarmentzen dute Nintendotik.
Esandakoez gain, GameChat ezaugarrirako gonbidapenak, lagunen zerrendarako noten ezaugarriak eta beste hainbat eduki gehitu dituzte eguneratzearekin batera. Berritasun guztiak hemen irakur daitezke.
Lander Unzueta
Iruzkinak