NSO harpidetzako titulu zaharrek birbobinaketa edo CRT filtroa jasoko dute ekainaren 5ean estreinatuko den kontsolan.

Nintendo Switch 2 hibridoaren berritasunak iragartzen jarraitzen du N handiak, gailua estreinatzeko egun batzuk geratzen direnean. Nintendo Classics zerbitzupean dauden N64ko bideojokoek ezaugarri berriak ikusiko dituzte.

Emulatutako kontsola zaharretako tituluek dagoeneko Switch originalean dituzten antzeko aukera ikusiko ditugu. Horrela, Switch 2an birbobinaketa erabiliko dugu, beste hainbaten artean, Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time edo Lylat Wars klasikoetan.

Itxura batean, NES, SNES edo Game Boy bezalako kontsoletan ikusitako tresna berbera da birbobinaketarena: aurreko segundoetan jazotakoak gordeko ditu emulagailuak, eta, nahi izanez gero, edozein unetan itzuli ahalko gara horietara.

CRT pantailen filtroa da beste berrikuntzetako bat. Telebista zaharren irudia emulatzea da helburua, N64ko bideojokoek haietarako prestatuta zeudela kontuan hartuta. Ez dakigu zehazki nola funtzionatuko duen: iragazkia gainetik jartzen den irudi sinplea izan daiteke, baina, dirudienez, hori baino konplexuagoa izango da, zuzenean shader-ei eraginez.

Bukatzeko, joko bakoitzaren kontrol eskema ikusi ahalko dugu jokatzen gabiltzala, botoi bakoitzaren funtzionamendua ezagutzeko.

Azken ezaugarria Switch originalera ere iritsiko da, baina Nintendo 64ko jokoen birbobinaketa zein CRT filtroa Switch 2 berrian baino ez ditugu ikusiko. Erabakiak polemika sortu du zaleen artean, Switch originalak erabiltzeko moduko funtzioak direla aldarrikatuz; hala eta guztiz ere, funtzionamenduaren arabera uste baino potentzia gehiago eskatzen duten ezaugarriak izan daitezke.

Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetza maila garestiagoaren baitan aurkituko ditugu N64ko bideojokoak, baita Game Boy Advance zein Sega Mega Drive kontsoletakoak ere. Switch 2aren helduerarekin batera, gainera, Nintendo GameCube berriagoko tituluak gehitzen hasiko dira: The Legend of Zelda: The Wind Waker, SoulCalibur II eta F-Zero GX ikusiko ditugu hasiera batean.

Ekainaren 5ean iritsiko dira N64ko ezaugarriak nahiz GameCubeko jokoak: Nintendo Switch 2 kontsola merkaturatzen den egun berean, hain zuzen ere.