Switch originalaren errendimendua “hamar aldiz biderkatzen” duela diote gailuaren GPUaren sortzaileek.
Nvidia taldeak Nintendo Switch 2 kontsolak Deep Learning Super Sampling (DLSS) eskalatze sistema erabiltzen duela iragarri du bere webgunean.
Eskalatze ezaugarriak bideojokoak barne bereizmen baxuagoan exekutatzea ahalbidetzen du, errendimendua areagotuz. Irudi kalitatea mantentzea edo parekatzea da DLSSren funtzionalitatea: pantailaren jatorrizko bereizmena erabiltzen du, adimen artifizialaz baliatuz irudia hobetzeko.
Ez dugu DLSSaren bertsio zehatza ezagutzen; dena den, Switch 2arentzat bereziki sortutako erreminta izan daiteke.
Hori horrela, Switch 2aren grafikak Nvidiaren Tensor Core deitutako nukleoak erabiliko ditu. Are gehiago, izpien trazadurarako RT Core nukleoak ere baieztatu dituzte.
Kontsolaren indarrari dagokionez, Switch originalarekin alderatuta errendimendua “hamar aldiz biderkatzen” dela aldarrikatu dute Nvidiakoek. Adierazpenokin aipatutako DLSS eta bestelako erremintak kontuan hartzen dituzte; hortaz, ez dabiltza errendimendu gordinari buruz hitz egiten.
Digital Foundry atariko adituek, adibidez, Switch 2a Steam Deck-a baino gailu indartsuagoa izan daitekeela uste dute, dock-era konektatuta, behintzat. Hala ere, oraindik datu asko ezezagunak direla diote.
1080p-ko bereizmena eta 120 fps gehienez, modu eramangarrian, 7,9 hazbeteko LCD pantailarekin; kanpo pantailetara konektatuta, 4K eta 60 fps, asko jota. Jauzi nabarmena emango dute kontsola berriarekin, baina ez da harritzekoa: lehenengo Switchak zortzi urte bete ditu jadanik.
Jokagarritasun gordina Treehouse zuzenekoetan
Nintendo Direct aurkezpenaren ostean kazetariek Switch 2a zuzenean probatzeko aukera eduki dute, eta dagoeneko denetariko analisiak zein aurrerapenak irakur eta ikus ditzakegu. Hala eta guztiz ere, Nintendo egunotan Treehouse: Live zuzeneko emanaldiak eskaintzen ari da, jokagarritasun gordina aurkeztuta.
Atzo ikusi genuen lehen saioa. Mario Kart World, Donkey Kong Bananza, DragXDrive zein Metroid Prime 4: Beyond jokatu zituzten. The Legend of Zelda: Breath of the Wild zein Tears of the Kingdom ezagunen Switch 2ko bertsioak nahiz GameCube kontsolako TLoZ: Wind Waker, F-Zero GX eta SoulCalibur II klasikoak probatu zituzten, gainera.
Gaur Treehousen bigarren saioa jarraitzeko aukera edukiko dugu. 16:00etan abiatuko dute Nintendoren YouTube kate desberdinetan.
Iruzkinak