Nintendo Switch Online harpidetzarekin jarraituko dute hurrengo belaunaldian. 2025eko martxo aurretik iragarriko dute gailu berria.
Shuntaro Furukawa Nintendoren presidenteak Switch kontsolaren oinordekoaren retrobateragarritasunari buruz hitz egin du enpresaren gestio politika bileran. Ondoren sare sozialetan zabaldutako mezuan jakinarazi duenez, “Nintendo Switcheko softwarea jokatu ahalko da Nintendo Switcharen oinordekoan”.
Mezu sinple horrekin egungo kontsolako bideojokoak hurrengoan funtzionatuko dutela adierazi du N handiak. Askok espero zuten ezaugarria, baina, kontsolaren xehetasunak ezagutu gabe, orain arte bermatu gabe egon dena.
Retrobateragarritasuna ohiko ezaugarria izaten da Nintendoren kontsolen artean: Game Boy Advance eramangarriak Game Boyko jokoak mugi zitzakeen, Wii-ak Gamecube-koak, Nintendo 3DSak DSkoak —eta, azken honek GBAkoak—… hortaz, ez da benetan harritzekoa, baina bai eskertzekoa.
Nintendo Switch Online zerbitzuari buruz ere mintzatu da Furukawa: “NSO Nintendo Switcharen oinordekoan ere eskuragarri egongo da”. Hori horrela, Switch originalean digitalki estreinatutako jokoak hurrengoan jokatu ahal izango ditugula dirudi; ez hori bakarrik, kontsola birtualak bere horretan jarraituko duela suposa dezakegu, orain arteko kontsolak eta jokoak gailu berrira eramanda.
Dena den, azken datu hauek ez daude baieztatuta. Presidenteak “etorkizunean” kontsola berriari buruzko informazio gehiago eskainiko dutela —nola ez!— adierazi du sare sozialetan.
Noiz? Oraindik ez dakigu, baina epemuga ezagutzen dugu: 2025eko martxo aurretik iragarriko dute Nintendoren hurrengo belaunaldia. Uztailean aipatu zuten zerbait da, baina atzoko bileran hitza mantendu nahi izan zuen Furukawak.
Katalogo sendoa ganberan
Bideojokoei dagokienez, 2024 bukaeran zein datorren urtean Nintendoren kontsoletan estreinatuko diren titulu esanguratsuenak bildu dituzte aurkezpenean. Ez dira gutxi, egia esan, Switchari agur esateko prestatzen dabiltzala kontuan hartuta: Pokémon Legends Z-A, Metroid Prime 4, Civilization VII, Dragon Quest III HD-2D Remake, LEGO Horizon Adventures, Donkey Kong Country Returns HD eta joan den astean iragarritako Xenoblade Chronicles X: Definitive Edition dituzte, besteak beste, esku artean.
Ez da harritzekoa, Switch originala kontsola ikaragarri arrakastatsua izan baita japoniarrentzat. Atzo argitaratutako finantza txostenean adierazi zutenez, Nintendok 146 milioi Switch kontsola baino gehiago saldu ditu. Modu horretara, une honetan hirugarren kontsolarik salduena da; bigarrena, Nintendo DSaren atzetik, Nintendorentzat.
Iruzkinak