Hamalau eguneko epemuga izango dute partekatzeek. Apiril bukaeran abiaraziko dute ezaugarri berria.
Nintendo-k Switch zein Switch 2 kontsoletarako zerbitzu berria iragarri du azken Direct aurkezpenean. Bideojokoen kartutxo digitalen bidez familiarekin eta lagunekin jokoak partekatu ahalko ditugu.
Funtzionamendua sinplea da; ez, agian, horren ulerterraza, beti bezala oztopo txiki batzuk prestatu baitituzte. Erabiltzaileek egindako edozein erosketa digital Switch bati esleituko zaio kartutxo digital izenpean.
Kontsola horretan erregistratutako edozein erabiltzailek jokatu ahalko du kartutxo digital horietara. Orain arte egin bezala, ez? Berezitasunak daude, noski. Kartutxo birtualek fisikoen antzeran funtzionatuko dutela pentsatu: hauek kontsolan sartuta, edo kanporatuta egon daitezke.
Kanporatutako kartutxo birtualak partekatzea da ezaugarri berriak ekarriko digun poza. Bere horretan, erabiltzaile berak daukan bigarren Switch kontsolan sar dezakegu kartutxo hau, joko horretan jokatzeko. Ez dago mugarik, itxura batean, kontsolak bata bestearen ondoan eta sareko konexiora konektatuta egotea beharrezkoa dela alboratuta.
Interesgarriena, baina, kartutxo birtualok familiako kideei uztea izango da. Nintendoren erabiltzaileen familiarteko taldea (Nintendo Account Family Group) sortuta, zortzi kide egon ahalko dira talde berean. Berriro ere, kontsolak ondoan edukita, jokoak beste erabiltzaile batzuei bidali ahalko diegu; guk, bitartean, partekatutakoetan jokatzeko aukera galduko dugu.
Ezingo dugu joko bera hainbatetan partekatu aldi berean, baina erabiltzaile berberak joko desberdinak bidal ditzake familiarteko taldean. Bi asteko epemuga jartzen dute “alokairurako”: hamalau egun igarota, kartutxo birtuala jabearengana itzuliko da.
Guztia ez da horren polita, noski. Gaur egun antzeko funtzionaltasunak eskaintzen ditu Nintendok… muga askeagoekin. Izan ere, erabiltzaile berberak joko birtualak kontsola desberdinetan joka ditzake une honetan, eta aldi berean, gainera, hegazkin modua erabiliz gero. Hori egiteko aukera galduko dela dirudi.
Alderdi hobeak dituela pentsatu beharko dugu. Kartutxo birtualen zerbitzua apiril bukaeran iritsiko da Switch kontsoletara.
Iruzkinak