2021ean argitaratzea aurreikusten dutela dio Bloombergek. Kontsola berriarekin batera bideojokoen katalogoa indartzeko ahaleginak egingo dituzte.
Bloomberg webguneak argitaratutako erreportaje baten arabera Nintendoko japoniarrak Switch kontsola hibridoaren bertsio berria prestatzen ari dira datorren urterako.
Nintendok iragarpen ofizialik egin ez duenez kontsolari buruzko xehetasunak ez dira guztiz argiak. Halere, Bloombergekoek diotenez Kiotokoen helburu nagusia grafiko hobeak eskaini ditzakeen modelo berria garatzea da: Switcheko jokoak 4K-ko bereizmenera mugitzea lortuko zuen Switch pro horrek.
Bloombergekoek ez dute zehaztu informazioaren jatorria; Economic Daily News egunkari taiwandarrak adierazi duenez iturriak Switcharen piezen fabrikatzaileak dira.
Ez da Nintendo pro bertsio bat prestatzen ari dela entzuten den lehen aldia. Analisten arabera modelo hori argitaratuta Nintendok lortu ahal dituen salmentekin Switcha N handiaren kontsolarik arrakastatsuena bilakatuko zen: “Switchak Wiiak baino gehiago salduko du pro bertsiorik eduki gabe. Pro bertsioarekin Nintendo DSaren salmentak gainditzea lor dezake”.
Kontsolaren bertsio aurreratuarekin batera bideojokoen katalogo berria jasoko zuen Switchak. Azken hilabeteetan Nintendok joko gutxi batzuen berri eman du soilik; pro modeloaren garapena eta horri zuzendutako lanak izango ziren horren zergatia.
Iruzkinak