Gothic bezalako klasikoen oinordekoa izan gura du ForestWare-n jokoak. Demoa eta bideoa argitaratu berri dute.

RPG abentura mitikoenen falta igarri dute bideojokozale beterano askok. Hutsune hori betetzera dator Sword Hero mundu irekiko abentura.

ForestWare taldeak eta Crytivo argitaletxeak etorkizunean kaleratuko duten tituluak Gothic eta beste hainbat RPG klasiko ditu abiapuntutzat. “Edozein tokitara” joateko askatasunarekin, sekretuz eta istorioz betetako mundua eratu nahi dute.

Wes uhartea esploratuko dugu, hiru fakzio desberdinen artean hautatuz; hala ere, gure esku egongo da heroi edo bilau bilakatzea, edozer egiteko aukerak izango baititugu. Ahalmen edo abilezia handirik gabe hasiko garela dirudi, baina, praktikarekin, denetarikoak egiteko gai izango gara.

Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin biziko ditugu abenturak zein borrokak: sistema dinamiko eta landua prestatzen dabiltza egileak, fisika errealistekin jokatuz egoera eroak sortu ahal izateko. Magia eta akrobazia mekanika landuekin, botere mordoa erabili ahalko ditugula dirudi: tximistak jaurti, edo, Prince of Persia-ren erara, paretetatik lasterka egin dezakegu, besteak beste.

Gure pertsonaia fisikoki aldatzen joango da mailaz igotzen goazela. Mundua ere eraldatzen joango da, gure erabakiek ondorio zuzenak eragingo baitituzte; aldi berean, Wesen bizi diren pertsonaiek egun eta gau zikloak edukiko dituzte, baina hauek ere uhartea modu askotara aldatzeko gai izango dira.

Sei ataletan banatutako istorioa agintzen dute egileek; kasu honetan ere, hartutako erabakiek narratiba aldatuko dute, bide desberdinak aurkeztuz.

Agindutakoak ederra dirudi, baina horren anbizio handiko tituluarekin asmatuko ote duten ikustea geratzen zaigu. Sword Herok ez dauka kaleratze datarik, baina garapena luzerako doa: hain zuzen ere, finantzazio kanpaina abiaraziko dute urtarrilean Kickstarter webgunearen bitartez.

Oraingoz, egindakoa probatzeko aukera daukagu Steam-en argitaratutako doako demoarekin.