SHODAN adimen artifizialaren aurka jarriko gaitu berriz immersive sim abentura maitatuak. Kontsola nagusietan zein PCan jokatuko dugu.

Nightdive taldeak System Shock 2ren 25. urteurreneko birmasterizazio bereziaren argitalpen data zehaztu du. System Shock 2: 25th Anniversary Remaster ekainaren 26an kaleratuko du, immersive sim klasikoari denetariko hobekuntzak gehituta.

Von Braun espazio ontziak gordetzen dituenak ezagutzeko aukera aproposa izango dela dirudi. Hasteko, atal grafikoa txukundu dute, kalitate handiko ezaugarriak gehituta: pertsonaien zein armen modeloak, testurak eta animazioak hobetuta ikusiko ditugu, segundoko 144 irudiko tasarekin zein pantaila ultrazabalentzako euskarriarekin jokatzeko aukera eskaintzeaz gain.

Aldaketekin jarraituz, aginteentzako kontrol eskemak eta lorpenak ere aipatzen dituzte egileek. Bakarka joka dezakegu, bai, baina originalean egin bezala, kooperatiboan abentura osoa gainditzeko aukera egongo da: oraingoan, gainera, joko gurutzatuarekin.

Interesgarriena, baina, komunitatearekin gauzatutako elkarlana da: mod sortzaileekin batu dira System Shock 2 hobetzeko balio duten eraldaketarekin interesgarrienak birmasterizazioan ofizialki inplementatzeko.

2114. urtean kokatzen da istorioa. Izoztutako loaldiaren ostean esnatu ondoren, mutantez eta munstron betetako espazio ontzian zehar ariko gara… SHODAN misteriotsua aurkitu arte: gizadia suntsitu gura duen adimen artifizial beldurgarria.

Nightdive askotariko klasikoak txukuntzen ibili da azken urteotan: berenak dira Star Wars Dark Forces, The Thing, Turok 2 edo Blood bikainen remaster lanak, baita 2023an kaleratutako System Shock originalaren berregitea ere. Lan aparta egiten dute orokorrean, joko zaharrak gaur egungo gailuetara moldatuz; hori horrela, System Shock 2ren birmasterizazioa ikusteko gogo handiak dituzte zaleek.

PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan merkaturatuko dute System Shock 2: 25th Anniversary Remaster, baita, zelan ez, ordenagailuetan. Ekainaren 26an jasoko dugu.