CodeSyntax taldeak Android zein iOS gailuetan musutruk argitaratu du Geoguessr estiloko bideojoko berria. Bi minutuko partidak proposatzen ditu.

Tagzania bideojokoa plazaratu du CodeSyntax enpresa eibartarrak. Euskal Herriko eta mundu osoko kokalekuak asmatu beharko ditugu, mapan kokatuta. Bideojokoa euskara hutsean goza daiteke.

Horrela, Egunean Behin arrakastatsuarekin eratutako formatua errepikatzera datoz CodeSyntaxekoak, oraingoan, Geoguessr edo Openguessr bezalako jokoen proposamena hartuta “geografiaren inguruan joko batean parte hartuz ondo pasatzeko”.

Mugikorretan debalde —iragarkiekin— eskura dezakegu; zehazki, Android eta iOS sistema eragilea erabiltzen duten gailuetan.

Partida motzak eta dinamikoak dira muina: gehienez bi minutu iraungo digute egunean, “joko arina” sortzeko asmoa eduki baitute, “denbora kenduko dizun adikzio bat” izan gabe. Epemuga horretan bi atal proposatuko zaizkigu. Lehenengoan, Euskal Herrira mugatutako argazki panoramikoa agertuko zaigu; bigarrenean, berriz, mundu zabaleko kokalekua ikusiko dugu.

Kaleko ikuspegitik gure burua kokatzea, eta, ondoren, munduko mapa birtualean markatzea da helburua. Argazki panoramikoetatik mugi gaitezke inguruak arakatzeko, lana pixkat erraztuz. Ez da erraza gure inguruko nahiz mundu zabaleko tokiak identifikatzea… baina, adi bagabiltza, aztarnaren bat edo beste aurki dezakegu kartelak, bide seinaleak edo komertzioetako izenak irakurrita.

Wikipediako datu libreak berrerabili dituzte egileek tokiak identifikatzerako orduan; are gehiago, emaitza ikustean, euskarazko Wikipediako esteka jasoko dugu, toki bakoitzaz gehiago jakiteko.

Egunean Behinekin egin modura, sailkapenek Tagzania dinamizatzeko balioko dute. Lagun arteko taldeak sortzea eta partekatzea posible da; bestela, jokalari guztien aurka ari gaitezke. Sailkapenak egunerokoak, astekoak, eta hilabetekoak dira. Oraingoz ez dago saririk, baina egileak dominak edo ikurrak gehitzea daukate buruan, “lorpen adierazpen sinbolikoak”, besterik ez.

Bideojokoa Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatu dute. Tagzania Play Store eta App Store saltokien bidez jaitsi dezakegu. Esan bezala, musutruk eta euskaraz.

 

17. denboraldia Egunean Behinentzat

Joko berria estreinatu badute ere, Codesyntaxek indar betean jarraitzen du Egunean Behin ospetsuarekin. 52.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute jadanik urtarrilean abiatutako 17. denboraldian.

Gutxi izango dira trivial erako euskal jokoa ezagutzen ez dutenak: jakintza, trebezia, matematika eta, nola ez, euskal gaiak uztartzen ditu Egunean Behinek. Egunean hamar galdera aurkezten ditu, eta, Tagzaniak egin bezala, lagun arteko taldeen nahiz joko osoko erabiltzaileen asteko klasifikazio taulak ikusiko ditugu.