Quicktequila indie sortzailearen titulu berria PCan eta kontsoletan estreinatuko da.
Tamashika apirilaren 10ean merkaturatuko dela jakinarazi du EDGLRD indie argitaletxeak.
Plataforma nagusi guztietan ikusiko dugu, gainera: PCan zein PlayStation 5, Xbox Series eta Switch gailuetan estreinatuko da.
Quicktequila garatzailearen shooter frenetikoan korridore psikodelikoak eta koloretsuak zeharkatuko dituzte jokalariek. Pistola eta aiztoa eskuan hartuta, tiroka zein labankadaka ariko gara denetariko arerioak akabatzen… baina hori baino askoz gehiago da Tamashika.
Iaz Steam Next Fest jaialdian demoa probatu genuenok erritmo joko kutsua duela ezagutu genuen: Rhythm Paradise bezalakoen elementuak batzen dituela esan daiteke. Botoi gutxi batzuk erabiltzen ditu Tamashikak, eta kaosaren artean gidatuko gaituzten ezaugarriak aurkituko ditugu- Vidhvat arduradunak azaltzen duen bezalaxe, “sinpletasuna menperatzea” eskatzen du.
Ziztu bizian ibiliko gara arriskuei aurre egiten; izan ere, arerio mota bakoitza garaitzeko ekintza zehatza burutu beharko dugu. Huts egite bakoitzak heriotza dakar, beraz, adi eta erne egon beharko gara labirinto psikodelikoan barrena. Zaila eta ulertezina badirudi ere, laster klik egingo digu bideojokoak: jario berezi horretan sartuta, bide bereziak eta sekretuak aurkitzen ariko gara, gainera.
Gatza eta piperra emateko, jokalarien arteko eguneroko puntuazio taulak agintzen ditu sortzaileak. Egunero eraldatzen doan labirintoa ahalik eta azkarren zein hilgarrien gaindituta lortuko dugu garaipena.
Apirilaren 10ean hasiko dira Tamashikaren tiroketak.
Lander Unzueta
Iruzkinak