Mapatxe txakur postariaren rola beteko dugu herrixka japoniar batean denetariko bizilagunak ezagutzeko eta minijokoetan parte hartzeko.
Udako oporraldietako sentipenak berriz bizitzera eramaten gaituzten bideojokoak bogan daude azkenaldian —Natsuyasumi edo udako oporrak izendatzen dute japoniarrek—. Ibilbide berbera jarraituko du Critical Reflex argitaletxeak Xbox-en Tokyo Game Show azokako aurkezpenean iragarritako Tanuki: Pon’s Summer ederrak.
Hasiera batean Animal Crossing gogora ekartzen badu ere —tanuki edo mapatxe txakurrak asko laguntzen du horretan—, beste mota bateko jokoa izango da: Tony Hawk mitikoen antzeran denetariko trikimailuak egiten ariko gara txirrinduan postari lanak betetzen ditugun bitartean.
Japoniar herrixka landatarrean zehar ariko gara fardelak banatzen eta bizilagunak ezagutzen, misio desberdinak burutuz. Hori baino gehiago eskaintzen du Pon’s Summerrek, baina: helburu nagusia udako jaialdi handirako herriko santutegia txukuntzea izango da.
Hori lortzeko denetariko ekintzetan parte hartuko dugu: hainbat minijoko eta jarduera proposatuko dizkigu abenturak, kirolak, arrantza zein argazkilaritza barne. Denkiworks garatzailearen arabera, Kioton, Aomorin, Sapporon eta Beppun bizitako udak berpizteko asmoa dauka tituluarekin.
Cursed to Golf dibertigarria sortzeaz arduratu zen indie estudio japoniarra; beraz, bere esku ona bermatuta dago jadanik.
Zalantzarik gabe, joko atseginen eta lasaigarrien zaleentzako proposamen aparta. Tanuki: Pon’s Summerrek ez dauka argitaratze datarik, baina oraingoz PCrako zein Xbox eta Switch kontsoletarako baieztatu dute.
Iruzkinak