Valveko-koek “mapak, armak, efektuak, zirikak” eta bestelako berritasunak agindu dituzte.
Team Fortress 2 beteranoak Steam-eko —eta edozein plataformatako— bideojokorik jokatuena da gaur egun: hilabetero aldibereko 100.000 jokalari inguru bilduta, 2007ko bideojokoak indar betean jarraitzen du. Hala eta guztiz ere, Valveko arduradunek ez dute eguneraketa interesgarririk kaleratu azken urteotan. Hori aldatzear dago, dena den: udarako eguneraketa handia baieztatu dute.
Zaleek behin eta berriz egindako eskakizunei erantzungo dietela dirudi. Jokoaren webgune ofizialean argitaratutako artikulu motzean Workshop-eko sortzaileei beren edukiak maiatzaren 1erako prestatzen joateko eskatu diete. Izan ere Team Fortress 2k hainbatetan zaleek sortutako armak, mapak eta bestelakoak erabili izan ditu ofizialki.
“Azken Team Fortresseko udako ekimenak objektuek eguneraketak baino ez dira izan”, diote garatzaileek umorez betetako mezuan. “Halere, aurten —eguneraketa mailako— eguneraketa osoa prestatzen gabiltza objektuekin, mapekin, zirikekin, gerra pinturekin, efektuekin, eta nork jakin zer gehiagorekin!“.
Esan bezala, azken urteotan eguneraketa txikiak baino ez dituzte kaleratu; azken adabaki handia 2017an argitaratutako Jungle Inferno izango litzateke, ostean hainbat Halloween girotzedun Scream Fortress egin dituzten arren. Gainera, bideojokoak tranpatiekin lotutako arazo nabarmenak eduki ditu epe luzean, eta horiek zuzentzeari ere ekin diote azkenaldian.
Nola ez, TF2-ren jokalarien komunitateak pozarren hartu du albistea; esan bezala, milaka jokalarik jarraitzen dute Valven doako tiro jokoan. Ez da harritzekoa, gutxi baitira halako ezaugarriak eskaintzen dituztenak.
Udan ikusiko dugu TF2ren hurrengo eguneraketak ekarriko dituen berritasunak.
Iruzkinak