2007ko tiro joko maitatua ia-ia kode irekiko proiektuan bilakatu da, komunitateari era guztietako aldaketak gehitzeko aukera eskainita.

Team Fortress 2 ospetsuak gaurkotze interesgarria jaso du Valve-n aldetik. Zuzenketak inplementatu dira, baina, are garrantzitsuago, jokoaren iturburu kodea argitaratu dute egileek.

SourceSDK, edo Souce motorearen garapen tresnak eguneratu dituzte, modu horretara, TF2ren bezeroa nahiz jokoaren zerbitzarien kodea gehitzeko. Valvetik diotenez, aldaketa honekin “sortzaileek TF2 erabil dezakete joko guztiz berriak eratzeko”.

Komunitatea pozez txoratzen jarri dute albistearekin; hots, iturburu kodearekin azken urteetan erdi alboratuta geratu den, baina sekulako komunitatea edukitzen jarraitzen duen titulua hobetzen eta eraldatzen jarrai dezakete jokalariek.

Itxaropenik handiena oreka eta akats zuzenketei dagokiona da: hainbat urtez ezagututako eta identifikatutako okerrak zuzen ditzake orain komunitateak adabaki ez ofizialen bitartez. Mod arruntak halakoak egiteko balio dutela pentsa daiteke, baina iturburu kodeak muga guztiak eraisten ditu, “TF2 aldatzea, hedatzea edo berridaztea ahalbidetuz”.

Are gehiago: egungo TF2ren eraldaketa handiak Steam bidez ofizialki kaleratzeko aukera zabaltzen du iturburu kodeak. TF2 Classic, Open Fortress edo Pre-Fortress 2 bezalakoak saltoki digitalean gainerako jokoekin batera egon ahalko lirateke, doakoak diren bitartean.

Zorionez, Valvekoak aurreratu egin zaizkie azken gaurkotzearekin, denetariko akats zuzenketak gaineratzen baitizkio TF2ri. Hemen irakur daitezke aldaketa guztiak, baina behelaino efektu berria eta gehiago inplementatu dituzte.

Aipatutako berrikuntza ugari Source joko zaharrei ere gaineratuko dizkiete: Day of Defeat: Source, Half-Life 2: Deathmatch, Counter-Strike: Source, and Half-Life Deathmatch: Source tituluek ere 64-bit euskarria edo interfaze eskalagarria jaso dituzte, beste hainbat aldaketen artean.

2007. urtean argitaratu zen Team Fortress 2. Gaur egun, baina, Steam saltokiko nahiz munduko bideojokorik jokatuenen artean jarraitzen du, egunean aldibereko 55.000 jokalari inguru bilduta.

Urte luzez mantendu badute ere, komunitatearen kexarik handienetakoa zen Valvek azkenaldian erakutsitako utzikeria, bot-ak zein tranpatiak zigortu edo eduki berriak prestatu gabe. Itxura batean, iturburu kodea askatzea komunitatearentzako azken oparia da Valven aldetik.