Tuxedo Labs estudioaren joko adimentsua sarbide goiztiarrean dago. Egindako ibilbidea errepasatu dute.
Lapurreta perfektuak antolatzea proposatzen duen Teardownek argitaratze data jaso du azkenik: indie joko interesgarria apirilaren 21ean merkaturatuko du Tuxedo Labsek.
Voxelez osatutako mundu suntsigarria eratu dute garatzaileek bideojokoan. Hori horrela, mapetako edozein elementu hautsi, bota eta lekualdatzeko aukera edukiko dugu. Fisiken simulazioarekin ere jokatu beharko dugu. Aurrera egiteko zerbait suntsitzea posible da, baina auskalo zer nolako eraginak izango dituen gure inguruan: eraikinak gainera erortzea ez da arraroa izango.
Mapan ibilbide aproposena eratzea eta ondoren lapurreta abian jartzea da tituluaren ardatza. Ibilgailuak gidatzeko aukera edukiko dugu, baita era guztietako tresnak erabiltzekoa ere: gantxoak, lehergarriak eta bestelakoak izango ditugu bidelagun.
1.0 bertsioa iristeko dago, baina orain arte sarbide goiztiarrean jokatu ahal izan da Teardownera. Jokalarien komunitatearekin batera hasitako ibilbidean prestatu eta gehitu dituzten ezaugarriak eta eguneraketak errepasatzeko trailerra argitaratu dute Tuxedo osatzen duten bi garatzaileek: azken hilabeteotan robotak, tornadoak, aginteentzako euskarria, hobetutako efektuak, mailak, ibilgailuak, tresnak, erronkak, argazkiak ateratzeko joko mota, Steam Workshop-arentzako euskarria eta askoz gehiago eratu dituztela ospatu dute.
Momentuz PC-rako bideojokoa baino ez dela izango diote Tuxedokoek; halere, etorkizunean kontsoletan argitaratzeko aukera egon daitekeela azpimarratzen dute. Apirilaren 21ean estreinatuko da Teardownen 1.0 bertsioa.
Abenduan hitz egin genuen Teardowni buruz Naiz Irratiaren Game Erauntsia irratsaioan. 48. minututik aurrera entzun dezakezu jokoaren eztabaida:
Iruzkinak