Paper Cult-en jokoak ehundaka arerioren aurka borrokatzea proposatuko digu. Aurten estreinatuko da.

Eskoziako zelaiak eta larreak, William Wallace soldadua eta bere armada, musou borrokak eta roguelike partidak. Nahaste zoro horren atzean aurkitzen da Tears of Metal.

Paper Cult estudioaren bideojokoak gudari eskoziarrak protagonista dituen akzio joko berezia ekarriko du. Girotze interesgarriarekin batera, Hades eta Dynasty Warriors jokoen arteko fusioa dela esan daiteke: Eskozia askatzeko, partida bakoitzean hutsetik abiatuko dugun konkista kanpainari ekingo diogu.

Dragoi meteoritoa izeneko objektua erori da gure lurretan, eta irla bereganatu duen armadarekin batera iritsi da. Horri aurre egiteko, meteoritoa kokaten den eskualdera jo beharko dugu gure armadarekin, baina aurretik beste eskualdeak menperatzea tokatuko zaigu.

Aukeratutako heroia kontrolatuz —Wallace ezagunarekin hasiko gara—, ehundaka soldadu akabatuko ditugu eraso arruntekin, ezpatakada boteretsu geldoekin zein saihesteekin eta kontraerasoekin. Borrokan gabiltzala gure armadaren eraso boteretsuak erabiltzeko barra kargatuko da, hauei aginduak emateko aukera izanik; bitartean, gure kapitainak babestu beharko ditugu, abilezia garrantzitsuak eskainiko baitizkigute.

Eskualdea konkistatuta, klan desberdinek ahalbidetutako hobekuntza bat eskainiko zaigu partidarako: Hadesen bedeinkazioen formatua mantenduta, aipatutako erasoak hobetzeko zein bestelako ahalmenak eskuratzeko balioko dute. Estrategia puntua gehitzen da hauek hautatzerakoan; izan ere, irlaren mapan eskualde bakoitzak biltzen dituen klanen hobekuntzak azaltzen baitira.

Lehen eskualdeak garaitzea erraza izango bada ere, irlan barneratu ahala etsai nagusi boteretsuak aurkituko ditugu: dragoi meteorito misteriotsuaren botereak jaso dituzten buruzagi beldurgarriak dira.

Eskoziarren basetik hasiko ditugu saialdiak: hau hobetzen eta sendotzen joango gara errekonkista saialdi bakoitzean lortutako altxorrekin eta harrapakinekin, are urrutiago iristea ahalbidetuz. Armak, itxurak, pertsonaiak eta bestelakoak desblokeatuko ditugu basean.

Proposamen erakargarriari kooperatiboan aritzeko aukera gaineratu behar zaio: lagunekin batera konkiskatzen aritu ahalko garela aurreratu dute Paper Culteko garatzaileek.

PCrako baino ez dute iragarri, oraingoz, Tears of Metal: dena ondo badoa, aurten ikusiko dugu Steam plataforman.