THQ Nordic argitaletxeak aurkeztu zuen 2023an, baina Paramount Games-ena da orain. Ninja dortoka gazte bakarra kontrolatuko dugu.
Teenage Mutant Ninja Turtles: The Last Ronin abenturak garatzailez aldatu du. PlatinumGames estudio japoniar ezaguna arduratuko da Ninja dortoka gazteen komiki ezaguna bideojokoetara egokitzeaz.
Bayonetta, The Wonderful 101 edo NieR Automata maitatuen egileak izango dira, beraz —Hideki Kamiya zuzendariak taldean jarraitzen ez duen arren— 2023. urtean iragarri zuten titulua garatzeaz. Ezustekoa, garai hartan THQ Nordic argitaletxearen eta Black Forest estudioaren esku baitzegoen; horren ordez, Paramount Games arduratuko da editore lanak burutzeaz.
Skydance enpresa Paramountekin batu aurretik “garapena etenda” zegoela adierazi dute arduradunek. “Zalean zain zeundela jakinda” PlatinunGamesekin batu eta aurrera egitea erabaki zuten.
Aldaketa handiak, baina oraingoz ez dugu bideojokoaren ezer ikusi. Summer Game Fest emanalditik igarotako trailerrean New York hiria ikus dezakegu, ninja dortoken telesail originaleko doinuarekin, baina ez dakigu besterik. Komiki originala hartuta, etorkizuneko New York ilunean girotzen da istorioa. Leonardo, Donatello, Michelangelo eta Rafael anaiak protagonistak izan beharrean, dortoka bakartia ageri da —bere identitatea komikiko misterio handietako bat da—, istorio odoltsuagoa eta helduagoa eratuz.
Ez da Platinumek ninja dortokekin batera lan egiten duen lehen aldia. 2016. urtean Teenage Mutant Ninja Turtles: Mutants in Manhattan kaleratu zuten —Activision-ekin batera The Legend of Korra eta Transformers: Devastation prestatu ondoren—, arrakasta eskasa lortuta: egun saltoki digitaletatik ezabatuta dago jokoa, lizentzien eta eskubideen afera dela-eta.
Proiektua iragarri zenean PC, PS5 eta Xbox Series plataformak aipatu ziren, baina azken prentsa oharrean ordenagailuak eta zehaztu gabeko kontsolak nabarmendu dituzte. Kaleratze data ere ezezaguna da.
Lander Unzueta
Iruzkinak