Jin Kazama, Kazuya Mishima edo Nina Williams klasikoen mugimendu eta itxura eraberrituak erakutsi dituzte Bandai Namco-koek.
Borroka jokoen urrezko aroa barik, platinozkoa bizitzen gabiltzala dirudi. Hainbat eta hainbat titulu interesgarri jasotzen gabiltza; deigarrienetako bat da, zalantzarik gabe, Tekken frankiziako zortzigarren atala. Giharra agerian jartzeko bere borrokalariak aurkezten hasi dira Bandai Namcokoak bideo berezietan.
Nola ez, sagako protagonistekin hasi dira. Kazuya Mishima eta Jin Kazama aita-semeak bueltan dira, inoizko itxurarik ikaragarriena erakutsita. Bien mugimendu bereziak erakusteko trailerrak prestatu dituzte garatzaileek: eraso ezagunak zein teknika berriak ageri dira hauetan. Rage art izeneko mugimendu hilgarriak nabarmentzekoak dira, ohi bezala.
Bestalde, Nina Williams asasinoaren diseinu zaharberritua ikusteko aukera ere eduki dugu. Pistolekin dator borrokalari ezaguna: hauekin batera eraso bortitzak egingo ditu, kontraerasoetan nahiz giltzetan ardaztuz. Aurretik, gainera, Paul, Law, Jun edo Jack-8 borrokalariak ere iragarri dituzte.
Pertsonaiak ez ezik, borrokaleku berriak ere aditzera eman dituzte bideootan. Times Square-n girotutakoa azpimarratzekoa da benetan, sekulako xehetasun maila erakutsita; hala ere, bestelako guneak ere ikusi ditugu.
Bukatzeko, Katsuhiro Harada Tekkenen sortzailea eta Kohei Iheda zortzigarren atalaren zuzendaria mekanika berriak eta bestelako ezaugarriak azaltzeko bildu dira ordu erdiko aurkezpenean. Heat State sistema, Rage Arten xehetasunak eta kontrol motak izan dituzte hizpide, borroka mekaniketan interesa dutenentzat bideo bikaina prestatuz.
Oraindik, zoritxarrez, itxaron egin beharko dugu Tekken 8 zirraragarrira jokatzeko: “laster” helduko dela diote garatzaileek, baina ez dute argitaratze datarik zehaztu. Plataformak bai, ordea: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan estreinatuko da borroka titulua.
Iruzkinak