Oreka aldaketak eta pertsonaia berriak iragarri ditu Bandai Namco-k: Kunimitsu, Bob eta Roger Jr.
Bandai Namco talde japoniarrak Tekken 8ren hirugarren denboraldia ezagutzera eman du. Bigarrenarekin egindako akatsak eta bildutako kritikak konpontzeko ahalegina egingo dutela adierazi dute, akatsak zuzenduz nahiz erroetara itzuliz.
Ez dituzte prestatutako aldaketei buruzko xehetasun asko eman: oreka aldaketak aipatzen dira, zelan ez, baina borrokak “konbentzionalagoak, fokuratutagoak eta oinarrietara itzuliko direnak” izango omen dira. Benetan zer adierazi nahi duten ezagutzeko aldaketen zerrendari itxaron beharko zaio.
Izan ere, aurreko denboraldian joko estilo oldarkorra saritzen hasi ziren egileak. Defentsa taktikak alboratuta, babesteari ekiten zioten jokalariak zigortzeko mekanikak gaineratu zituzten, erabiltzaileen kritikak jasota: egun, Steam plataforman, aldeko eta kontrako balorazioak dauzka jokoak.
Martxoaren 17an jasoko dute jokalariek aipatutako aldaketak gehitzen dituen adabakia; horrekin batera, modalitate lehiakorreko sailkapenak berrasieratuko direla jakinarazi dute arduradunek.
Hirugarren denboraldiekin are berrikuntza gehiago datoz: pertsonaia sorta berria aurkeztu dute japoniarrek. Borrokalari bakarra aurkeztu, eta gainerakoak ezkutuan gorde ordez, denboraldiko pasean gehituko dituzte lau pertsonaietatik hiru ezagutu ditugu jadanik.
Lehena sagako klasiko hutsa da: Kunimitsu ninja udaberrian helduko da; udan, Bob handikotea ikusiko dugu; bukatzeko, udazken aldera frankiziako pertsonaia berezietako bat dator, Roger Jr. kangurua. Neguan iritsiko da laugarrena, baina ez dute aztarnarik eskaini: saga kanpoko pertsonaia izango da.
2024ko urtarrilean estreinatu zen Tekken 8; nahiz eta balorazio onak bilduz hasi zuen ibilbidea, esandako aldaketekin jokalariak alboratzen hasiak dira. Martxoan hasiko den hirugarren denboraldiak kritikei entzuteko asmoa dauka.
Lander Unzueta
Iruzkinak