Atal grafiko ikusgarria erakutsi du Bandai Namco-ren borroka joko beteranoak: Unreal Engine 5 motor grafikoarekin sortzen ari dira titulua.
EVO txapelketaren bukaeran ikusi genuen Tekken 8ren lehen irudia, honen inguruko inolako adierazpenik gabe. Gaur goizaldeko State of Play aurkezpena aukeratu dute Bandai Namcokoek borroka joko berria ofizialki iragartzeko: zortzigarren atala kontsolen egungo belaunaldira eta ordenagailuetara iritsiko da.
Horrek, noski, atal teknikoan hobekuntza nabarmenak jasoko dituela esan nahi du. Katsuhiro Harada sortzailearen taldeak egindako lana ikusteko trailerra ere prestatu dute japoniarrek, eta sekulakoa da. Jin Kazama eta Kazuya Mishima aita semeak borrokan agertzen dira bertan —bien arteko norgehiagokak izango dira nagusi atal honetan—, ikaragarrizko modeloekin, efektuekin eta animazioekin.
Haradak PlayStation Blog-ean adierazi duenez, “pantailan gertatzen ari dena denbora errelean errenderizatzen du” bideoan ikusitakoak; hau da, ez gaude trailer zinematiko baten aurrean. Istorio modalitateko borroka den arren, “modeloak, hondoak eta efektuak jokoan erabiltzen diren berberak dira”, dio Tekkenen arduradunak.
Unreal Engine erabiltzen du, beste batez, borroka jokoak. Hala ere, zazpigarren atalarekin alderatzen badugu, jauzi grafikoa benetan nabarmena da; pentsatzekoa da hortaz UE5 motor grafikoarekin dabiltzala, batez ere efektuen kalitatea ikusita.
Momentuz, jokatzeko itxaron egin beharko dugu, ordea: japoniarrek ez dute inolako datarik zehaztu. Esan bezala, Tekken 8 PCan, PlayStation 5ean eta Xbox Seriesetan estreinatuko da.
Iruzkinak