Crema Games estudio espainiarrak sarbide goiztiarrean merkaturatu zuen 2020an; ordutik hona edukiak gehitu dizkiote atsedenik hartu gabe.
Bideojokozale asko tentatu ditu Temtem koloretsuaren proposamenak: Pokémon frankiziaren oinarriak hartuta, hauek aldatzeko eta zaharberritzeko asmoa dauka Crema Gamesen bideojokoak. Azkenik jaso du 1.0 bertsioaren argitaratze data: irailaren 6an merkaturatuko da RPG abentura.
Trailer baten bidez egin dute iragarpena garatzaile espainiarrekoek Humble Games banatzailearekin batera. Temtem deitutako piztien hezitzaileen rola hartuko dugu bertan: Nintendo-ren kontsoletako frankizia arrakastatsuan egin bezala, hauek harrapatzen eta adiskidetzen ariko gara, baita txandakako borroketan parte hartzen ere.
Omninesiako irla hegalariak, Deniz-ko hondartzak zein Tucma-ko errautsez beterik zelaiak esploratu beharko ditugu munstro hauen bila. Dojoetako liderrak garaitu nahiz Belsoto klanaren plan maltzurrak geldiarazi beharko ditugu, gainera; bai, Pokémonekoen ohiko mekanikak eta gidoia ikusiko ditugu Temtemen.
Aldaketarik esanguratsuena, ordea, bere munduaren aldetik dator; izan ere, online jokatu ahalko dugu abentura osora. Beste jokalariekin hitz egiteaz eta borrokatzeaz gain, elkarrekin aurrera egiteko aukera ere eskaintzen du tituluak. Norbere etxea apaintzeko eta asteroko erronka berrietan parte hartzeko mekanikak biltzen ditu baita. Hein batean MMORPG kutsua daukala esan daiteke.
2020tik joka daiteke Temtemera: ordu hartan sarbide goiztiarrean estreinatu zuten Cremakoek. Etenik hartu gabe obra berritzen eta handitzen ibili dira azken urteotan. 1.0 bertsioa argitaratuta, jokoa eguneratzen jarraitzeko asmoa agertu dute arduradunek. Urtaroko adabakiak eta Battle Pass berriak agindu dituzte; hortaz, doako zein ordainpeko edukiak iritsiko dira etorkizunean Temtemera. Jokoa amaitu osteko irla ere gaineratu nahi dute: uhartedia osatu eta esploratzeko kokaleku berriak ekarriko ditu.
Temtem PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan argitaratuko da irailaren 6an.
Iruzkinak