Hiriak kudeatu beharrean ekosistemak berpiztea eta hauetan antolatzea proposatzen du Free Lives-en titulu ederrak.
Aspaldi iragarritako Terra Nil interesgarriak argitalpen data aditzera eman du azkenik. Martxoaren 28an kaleratuko du Devolver Digital argitaletxeak: PCra iritsiko da Steam eta GOG saltokien bidez, baina baita Android zein iOS gailu mugikorretara ere, Netflix-en harpidetzarekin.
Berria ospatzeko trailerra prestatu dute arduradunek; jokoa ezagutzen ez dutenentzat bere proposamena ikusteko aproposa da. Estrategia eta kudeaketa titulua da Terra Nil: hiriak sortu eta hauek antolatu beharrean basamortuetako nahiz hondatutako lurretako ekosistemak berpiztea eta aurrera eramatea da jokoaren muina.
Ur sistemekin hasita, pixkanaka guneak biziberritzen hasiko gara partidetan. Hortik aurrera, energia lortzeko sistema eolikoak eta bestelakoak prestatzen joan beharko gara gure helburuak bete ahal izateko. Behin gune bat berpiztuta, sortutako eraikinak suntsitu zein garbitu, eta misioa burututzat emango dugu.
Horrela, basoak, ibaiak zein hondartzak eratzen joango gara mapan zehar. Mailak prozeduralki sortutakoak izango direnez, ez dira bi misio berdin egongo. Jokagarritasun lasaia agintzen dute arduradunek.
Agerikoa denez, aipatutako guztia atal estetiko sinplearekin baina benetan ederrarekin aurkezten du Free Lives estudioaren obrak. Esparru horretan bideojokoak aldaketa nabarmenak jaso ditu bere hastapenetatik; izan ere, hasieran pixel art estiloan sortuta zegoen. Desberdina, baina hori ere ikustekoa.
Terra Nil martxoaren 28an argitaratuko da ordenagailuetan eta Android nahiz iOS gailu mugikorretan.
Iruzkinak