Akzioa eta RPG elementuak HD-2D estetikarekin batzen ditu. Kontsoletan nahiz PCan argitaratuko dute Claytechworks eta Square Enix taldeek.
Square Enixek The Adventures of Elliot: The Millennium Tales ekainaren 18an argitaratuko duela zehaztu du.
Akziozko RPG abentura itxurosoa Octopath Traveler eta Bravely Default maitatuen egileen eskutik dator: Claytechworks ari da proiektuaz arduratzen. Estetika mantenduko dute, orokorrean: horren ospetsua egin den HD-2D estiloarekin jarraituko dute, pixel arte estiloko pertsonaiak 3D inguruneekin elkartuz.
Mekanikak eta jokagarritasuna zeharo desberdinak izango dira, ordea. Txandakako borrokak alboratu, eta denbora errealeko duelu ikusgarriak biziko ditugu Elliotekin: bi arma desberdin hartuta —guztira zazpi arma mota egongo dira, eraldatzeko aukerekin— piztiak jipoituko ditugu. Faie iratxoa magiez arduratuko da, baita aurkituko ditugun puzzleak eta erronkak gainditzeaz ere.
Denboran bidaiak izango dira beste protagonistetako bat; hots, erresuma bereko lau aro desberdin bisitatuko ditugu, beren erronkekin eta pertsonaiekin.
Demoa probatzeko aukera daukagu: Switch 2 kontsolan estreinatu da esklusiboki, oraingoz behintzat. Joko osoa Switch 2, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein PCan estreinatuko da ekainaren 18an.
Lander Unzueta
Iruzkinak