Borrokak, istorioa zein denbora mugak ezagutu ditugu Rebel Wolves taldearen aurkezpenean. Datorren urtean estreinatuko da PS5, Xbox Series eta PC gailuetan.

Rebel Wolves estudioak The Blood of Dawnwalker desiratuaren lehen jokagarritasun bideoa aditzera eman du. 20 minutuko aurkezpenean eratzen dabiltzan xehetasunez betetako mundu irekia erakutsi dute sortzaileek.

Konrad Tomaszkiewicz Rebel Wolvesen sortzailea CD Projekt RED taldeko zuzendari ohia izanik, aurretik garatutako The Witcher 3: Wild Hunt-ekin antzekotasun handiak nabariko ditugu obra berrian. The Blood of Dawnwalker mundu irekiko hirugarren pertsonako RPG abentura ederra dugu.

Coen da gure protagonista: Dawnwalker —banpiro, alegia— bihurtu den gaztea. Gizatasuna mantentzen saiatzen den bitartean, familia salbatzeko borrokatu beharko du. XIV. mendeko Europan zeharkatuko dugu: bideoan fikziozko Vale Sangora herrialdea eta Svartrau hiriburua azaldu dituzte.

Girotze ikaragarriarekin, hiritik askatasun osoz mugituko gara. Esan bezala, Erribiako Geralten hirugarren jokoa gogora ekarriko digu, baina banpiro boterei esker eraikinetatik gora egin dezakegu, adibidez. Mugimendu aldetik edozein tokitatik ibiliko garen arren, ezingo gara astirik galtzen ibili, denbora mugak egongo baitira misio nagusietarako: denbora baliabide gisa hartzekoa dela aipatzen dute egileek, era egokian kudeatzekoa.

Ezpata eskuan hartuta, dueluak ere biziko ditugu: “benetako ezpatari maisua” sentiaraztea bilatzen da, norabide sistemarekin erasoak zein babesak bideratuz. Halere, objektuak zein botere magikoa erabiliko ditugu arerio arruntak akabatzeko: adibidez, etsaien odola sutan piztu dezakegu, denborarekin min gehiago eraginda.

Abileziak zein ekipamendua kudeatzeko menuak, ahalmenen zuhaitza eta bestelakoak erakusteko aprobetxatu dute bideoan; beste behin, The Witcher 3rekin antzekotasun handiak aurkituko ditugu interfazean.

Oraindik aurrebeta fasean aurkitzen bada ere, sekulako itxura erakusten du The Blood of Dawnwalkerrek. Datorren urtera arte itxaron beharko dugu jokatzeko, tamalez, baina datozen hilabeteotan berri gehiago jasoko ditugula aurreratu digute. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da.