Ez dute argitaratze datarik zehaztu. Studio MDHR-ren abenturari amaiera emango dio edukiak.
2019an The Delicious Last Course eduki gehigarriarekin Cuphead arrakastatsua agurtu nahi izan dute Studio MDHRko garatzaileek. Hala ere, hainbat berandutze jasan ondoren, zehaztu gabeko data batera geroratzeko erabakia hartu dute jokoaren arduradunek.
Berria sare sozialen bitartez eman dute. Bertan azaldu dutenez, “garapen prozesuan zehar Cuphead sortzerakoan ikasitako guztia Delicious Last Courseko animazioan, diseinuan eta musikan maila berean txertatzeko erronka” hartzea erabaki dute Chad eta Jared Moldenhauer anaiek.
Kalitate maila hori nazioarteko pandemia egoeran mantentzea “garatzaileentzako desafio erraldoia” dela azpimarratu dute. Hori dela eta, “estudioaren estandareak COVID-ak ekarritako ondorioen aurrean arriskuan jarri ordez Delicious Last Coursen argitalpen data berandutzeko erabaki zaila” hartu dute Studio MDHRkoek. DLCa kaleratzeko eguna zehaztu beharrean, Cupheaden jarraitzaileek behar bezala gozatzeko maila lortu arte lanean jarraituko dutela diote.
Delicious Last Course 2018ko E3an iragarri zuten; 2019rako argitaratze datarekin egin zuten, baina jasandako geroratzeek merkaturatzeko eguna zehaztu gabe uzten izan zuten. DLCan irla eta maila berriak bisitatuko dituzte jokalariek; Cuphead eta Mugman protagonistei Ms. Chalice gehituko zaie shoot ‘em upak eta plataformak batzen dituen abenturan.
Cuphead: The Delicious Last Course PC, PS4, Xbox One eta Switcherako argitaratuko da.
Iruzkinak