Abentura independentea izango da, Red Storm garatzailearen eskutik. Horrekin batera gailu mugikorretarako proiektua prestatzen ari dira.
Tom Clancy’s: The Division unibertsoa handitzen jarraitzeko asmoa agertu dute Ubisoftekoek. Ez dute hirugarren atal batekin egingo, baina: PC eta kontsoletarako doakoa izango den Heartland abentura iragarri berri dute frantsesek.
Jokalari berriei saga ezagutzera bideratutako proiektua izango da: “Heartland sagarekin esperientziarik izatea eskatuko ez duten joko independentea da, baina unibertso honen ikuspegi berria eskainiko du girotze berri batekin”. Red Storm estudioa arduratuko da honen garapenaz; Rainbow Six klasikoen garatzaileak dira, besteak beste.
Ez dira busti argitaratze datarekin. 2021ean edo 2022an prest edukiko dutela agindu dute. Hori bai, beta itxiak baieztatu dituzte dagoeneko: izena emateko aukera dago Ubisoften webgunean.
Heartland ez da garatzen ari diren The Divisionen abentura bakarra. Gailu mugikorretarako lanean ere ari dira frantsesak. Ez dute inolako xehetasunik eman: argitaratze data ez ezik, garatzen ari den estudioa ere ezezaguna da.
Bitartean, Ubisoft Massiveko eta Ubisoft Bucharesteko langileek The Division 2rako eduki gehigarrietan lanean jarraitzen dutela diote. 2021 bukaeran argitaratuko dute espantsioa, eta ekarriko dituen berritasunen artean joko mota guztiz berria nabarmendu dute arduradunek, baita pertsonaiak mailaz igotzeko modu eraberrituak ere.
Bideo-jokoetatik harago joango dira The Divisionekin. Ubisoft Film & Television saila Netflixekin elkarlanean ari da akziozko filma prestatzeko: Rawson Marshall Thurberrek zuzendutako luzemetraiko protagonistak izango dira Jessica Chastain eta Jake Gyllenhaal.
Iruzkinak