Garapen prozesuaren “azken doitze fasean” aurkitzen omen dira. Aurten estreinatu behar zuten Switch 2 kontsolan.

FromSoftware taldearen bideojoko berria aurten ikusi gabe geratuko dira jokalariak. Enpresa japoniarrak aditzera eman duenez, The Duskbloods 2027ra atzeratzeko erabakia hartu du.

Azalpen handirik eman gabe zabaldu dute prentsa oharra. “The Duskbloodsen garapen prozesua azken doitze fasean aurkitzen den arren, kaleratze epea 2027ra mugitzeko erabakia hartu dugu”, adierazi dute bertan, jokalariei barkamena eskatuz.

Egia da denbora luzez ibili garela soulsborne estiloko bideojoko berriari buruzko berririk gabe, baina, udan bideratutako sareko probaldiaren ondoren, marketing kanpainarekin indar betean jarriko zirela uste zuten askok, data iragarrita; are gehiago, aspalditik aurten merkaturatzeko asmoa berresten ibili dira arduradunak. Beta probako emaitzak ez direla aurreikusitakoak izan pentsa daiteke, titulua pixkat gehiago fintzera eramanda.

Gogoratzearren, The Duskbloods 2025eko apirilean aurkeztu zuten lehenengoz. Soulsborne jokoa izan arren, multijokalarira zeharo bideratutako lanaren aurrean gaude. PvPvE jokagarritasuna dakar; hau da, jokalariak jokalarien aurka lehiatu beharko dute, baina ingurunearen kontra ere ariko dira. Proba edo fase desberdinak egongo dira partidetan, helburu anitzak proposatuta: bukaeran bizirik irauten duena izango da garailea.

Switch 2 kontsolako esklusiboa izango da The Duskbloods.