Udan abiatuko da Switch 2 kontsoletan, baina kaleratze datak iragarri gabe jarraitzen du. Bideo berria eskaini dute Nintendo Direct emanaldian.

The Duskbloods Nintendo Direct emanalditik igaro da sare probaldi itxia iragartzeko.

Datarik zein izen ematearen xehetasunik zehaztu gabe aurkeztu du Hidetaka Miyazaki zuzendariaren taldeak: udan hasiko dela baino ez digute esan FromSoftwaretik.

Multijokalarira bideratuta egongo den akziozko abenturaren bideo motza ere eskaini digute. Odolak, izenak adierazten duen bezalaxe, berebiziko garrantzia edukiko duela dirudi:”guztiak munstroak garela” adierazi digute, “odolaren bila dabiltzanak”.

Aldez aurretik ezagutzen genuenera itzuliz, PvPvE jokagarritasuna eskainiko digu tituluak: jokalariak jokalarien aurka lehiatu beharko dute, baina ingurunearen kontra ere ariko dira, hortaz. Zortzi erabiltzailerentzako partidak biziko ditugu, hasieran hamabi bat pertsonaia desberdinen artean hautatuta, bakoitza bere abilezien zein estatistikekin; hau da, Fromek kaleratutako azken Elden Ring Nightreign-ekin antzekotasun handiak edukiko dituela dirudi.

Kaleratze data iragarri gabe jarraitzen duten arren, Kadokawa FromSoftwaren enpresa arduradunak Duskbloods aurten kaleratzeko asmoa berretsi zuen duela gutxi burututako finantza bileran. Udako probaldiarekin batera behin betiko data ezagutu beharko genuke, beraz; aurreko jokoen kasuetan, hiru hilabete lehenago eskaini dituzte antzeko probaldiok.

The Duskbloods Switch 2ko esklusiboa izango da: udan abiatuko da sare probaldi itxia.

 

Elden Ring, abuztuan Switch 2an

Aipatutakoa ez da FromSoftwarek aurten Switch 2 gailuan kaleratuko duen joko bakarra izango: Elden Ring maisulana abuztuaren 28an estreinatuko dutela jakinarazi zuten orain egun batzuk.

Elden Ring Tarnished Edition bertsioa ikusiko dugu Nintendoren hibridoan, berritasun gutxi batzuk gaineratuta: Shadow of the Erdtree espantsioarekin batera arma, armadura eta Torrent zaldiarentzako itxura aukera berriak eskainiko dituzte japoniarrek.