PvPvE multijokalari interesgarria eratzen dabil FromSoftware. Nintendo Switch 2ko esklusiboa izango da.
Hidetaka Miyazaki egileak The Duskbloods proiektuaren inguruko xehetasunak aditzera eman ditu Nintendoren blog ofizialean argitaratutako elkarrizketan. Jokalarien arteko dueluak izango dira multijokalari tituluaren ardatza, bai, baina bestelako erronkak eta ideiak ere uztartuko ditu, sortzailearen arabera.
Nintendo Switch 2 Direct aurkezpeneko izar handietako bat izan da The Duskbloods, baina galdera eta zalantza asko sortu ditu jarratzaileen artean. Soulsborne generoko obra dela ikus daiteke, argi eta garbi, iragarpen bideoan, baina deskribapenean multijokalaria zutabeetako bat izango dela aipatzen dute egileek.
Jokoaren oinarrizko mekanikak eta premisa azaldu ditu Miyazakik. Dark Souls edo Elden Ring tituluetan ikusitako sareko ezaugarriak areagotuko dituzte oraingoan, hein batean, maiatzean plazaratuko duten Elden Ring Nightreign-en ideiak hartuta.
PvPvE jokagarritasuna batuko du The Duskbloodsek; hau da, jokalariak jokalarien aurka lehiatu beharko dute, baina ingurunearen kontra ere ariko dira. Zortzi partaide ariko dira partida berean: hasieran hamabi bat pertsonaia desberdinen artean hautatuko dute, bakoitza bere abilezien zein estatistikekin.
Txapeldunak izateko garaipen puntuak eskuratu beharko ditugu. Beste jokalariak garaituz lortuko ditugula dirudi… baina ez da bide bakarra izango. Dirudienez, erronkak eta helburuak azalduko zaizkigu: buruzagiak garaitzea izan daiteke partidako desafioetako bat, esaterako. Hori lortzea ez denez erraza izango, sarritan lankidetzak eta akordioak sor daitezke Duskbloodsen, dinamika interesgarriak abiatuta.
Gure protagonistek “lehen odola” izeneko baliabidea lortuta hobetuko dituzte euren ezaugarriak; aldi berean, jokoaren istorioa azalduko zaigu odolaren bidez. Izan ere, pertsonaiak “odolari zin egindakoak” (bloodsworn) dira, gizadiaren eboluzioa izango litzatekeena.
“Gizadiaren ilunabarrera” bidaiatuko dugu: dirudienez, ez da leku zehatza izango, aldakorra baizik. Beraz, aro eta estetika viktoriarra nagusi badira ere, denetariko elementuak eta girotzeak aurkituko ditugula dirudi.
The Duskbloods 2026an estreinatuko da. Nintendo Switch 2arentzako obra esklusiboa izango da.
Jokalari bakarrarentzako tituluak alboratu gabe
FromSoftwaren hurrengo bideojokoek multijokalaria zutabetzat edukiko dutela ikusita, estudio japoniarraren zale asko kikildu egin dira.
Nahiz eta sare bidezko multijokalari ezaugarriak hasiera batetik egon diren, modu batean zein bestean, soulsborne tituluen ariman, jokalari bakarrari zuzendutako abenturak izan dira Fromen arrakastaren erantzuleetako bat.
Beldur hori baretzen saiatu da Miyazaki: “Honek ez du esan nahi, enpresa bezala, multijokalarian fokuratutako tituluetara zuzenduko garenik etorkizunean”. Ez arduratu hortaz, orain arte bezalako lanekin jarraitzeko asmoa egon badago-eta.
Iruzkinak