Bethesda-ren klasikoa zaharberritu du Virtuos estudioak PC, PS5 eta Xbox Series gailuetarako Unreal Engine 5 garapen motorea erabilita.

The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered benetakoa da, eta dagoeneko gure artera iritsi da. Bethesdak zein Microsoft-ek ezustean iragarri dute rol abentura maitatuaren birmasterizazioa, baita kaleratu ere: astebete baino gutxiagoan lau milioi jokalari baino gehiago bildu ditu.

Urte hasieratik entzun ditugu birmasterizazio honen inguruko zurrumurruak, eta ia guztian asmatu dute insider-ek. Apirilaren 22an PCan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratutako Oblivionek ez du aldaketa handirik jasan mekanikoki; izan ere, 2006ko obra originalaren hezurdura berbera mantentzen du, Creation Engine garapen motorearekin.

Hala ere, zenbait hobekuntza prestatu ditu remasterraz arduratu den Virtuos estudioak: adibidez, mailaz igotzeko bideak txukundu ditu, munduan eragiten dituen aldaketak eta eskalatzea hobetuta. Borrokak zein isilpea moldatu dituzte, gainera, baita menuak edo interfazea ere.

Berrikuntzarik nabarmenena begientzakoa da: atal grafikoa goitik behera eraberritu dute garatzaileek Unreal Engine 5 motorea erabilita. Horrela, modeloak, efektuak, argiztapena eta askoz gehiago gaur egungo estandarretara moldatuta ikus ditzakegu.

Bruce Nesmith Oblivion originalaren diseinatzailea zur eta lur utzi dute egindako lanarekin. Garatzaileak ez zekien ezer birmasterizazioaren inguruan, eta remaster hitzarekin motz geratu direla aldarrikatu du: “Testurak eguneratuko zituztela pentsatzen nuen”, adierazi du, “ez nuen uste prestatu duten iraultza ikusiko genuenik”.

Cyrodill eskualdeko heroian bilakatuko gara Oblivionen, infernuko ateak ireki ostean. The Elder Scrolls bideojokozaleen artean benetan ezaguna egin zuen atala da laugarrena —batez ere, garaiko gailu handi guztietan estreinatu zelako—, eta, Skyrim famatuarekin batera, maitatuena. Esploratzeko mundu erraldoia, nahi dugun pertsonaia mota sortzeko aukera, askatasuna, borrokak, magia edo hizketaldiak biltzen ditu.

Eduki gehigarri handiekin dator birmasterizazioa: Knights of the Nine eta Shivering Isles espantsioetako edukiak jokoarekin batera jasoko ditugu Oblivion Remasteredekin. Hori bai, zaldiarentzako armadura polemikoa edizio berezia erosten dutenentzako baino ez da.

Mod eta eraldatze handiak izan dira, nola ez, zaleen ardura handietako bat. Lasai, itxura batean denetarik ikusiko dugu birmasterizazio honetan-eta: jatorrizko tituluaren iturburu kodea berrerabiltzen duenez, Nexus Mods atari ezagunetik modak sortzea erraza izan beharko litzatekeela diote. Berritasunak UE 5etik datoz, eta, zorionez, mod sortzaileentzako aski ezaguna den motorea da.

The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered gure artean da azkenik: esan bezala, PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan joka dezakegu. Game Pass zerbitzuko harpidedunek ere jaso dute.