Microsoft-ekoen barne dokumentuetan berriz aipatzen da PlayStation 5ean argitatzeari uko egingo diotela.

Bethesda-k Starfield estreinatu duenez, begirada guztiak euren hurrengo titulura begira jarri dira. Xbox-ekoen arabera asko geratzen da The Elder Scrolls VI ikusteko: Skyrim ospetsuaren jarraipena ez dugu 2026ra arte ikusiko, “gutxienez”.

Activision Blizzard-en bereganatzearen aferak dokumentuak eta txostenak azaleratzen jarraitzen du. Hortik atera du informazioa The Verge agerkariak: Amerikako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalak (FTC) abiatutako bistan aurkeztutako dokumentuan agertzen dira TES VIri buruzko datuak.

Microsoftek kaleratutako azken bideojokoen informazio orokorrarekin batera agertzen da Bethesdaren tituluarena. Argitaratze data “zehaztu gabe” dutela aipatzen da Redmond-ekoen txostenean, baina, esan bezala, 2026an edo beranduago merkaturatzea aurreikusten dela.

Esklusibotasunarena da txostenean azaltzen den beste gaietako bat. FTCak Microsoftek esandakoak biltzen ditu: “(Bethesda) Xboxen egoteko daukatenaren eskaintza osoa ekartzeko gai izan behar gara. Eta hori egiteko Elder Scrolls VI beharko litzateke”.

Horrela, Activision Blizzarden bereganatze aurretik edo bitartean estreinatutako lanak PlayStation kontsoletara iritsiko direla ageri da dokumentuan: Deathloop, The Elder Scrolls Online, Ghostwire Tokyo eta Fallout 76.

Ez da gauza berbera gertatzen azken bideojokoekin, ordea: Starfield, Redfall eta TES VI Xboxen ekosisteman geratuko lirateke.

Egia esan, Xbox ez da batere argia izan gai honi buruz hitz egiterakoan. Hainbat aldiz aipatu dute behin Activision Blizzard bereganatuta, hauen tituluak esklusiboak izango liratekela. Hala ere, Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak hori “zehaztu gabe” dagoela adierazi zuen FTCarekin burututako bistan.

Hortaz, euren asmoak argiak izan arren, agian jokaldia ez da espero bezalakoa, eta bereganatze prozesuan arrakasta lortzeko kontsesioak egin behar dituzte.

 

Erosketa burutzekotan

Activision Blizzarden erosketa 2022ko urtarrilean iragarri zuen Microsoftek. Agerikoa den bezala, nazioarteko erakunde arautzaileak zenbait oztopo eta helegite jarri dizkiete ordutik hona.

 68,7 mila milioi dolarretako bereganatzea izanik, ez da harritzekoa. FTC erakundeak abiatutako bista irabaziko dutela dirudi: epaileak erosketa onartu zuen, baina FTCkoek oraindik errekurtsoa aurkezteko aukera dute.

Europar Batzordeko fusio arautzaileak (EU Merger Regulation), bestalde, baiezkoa eman zuen maiatzean.